Gipuzkoako Foru Aldundiak Anoetako Herri Ikastolako estalkian instalazio fotovoltaiko bat jarriko du. Lortutako energia Argiberri energia komunitatea osatzen duten bazkideentzat izango da.
«Albiste oso ona da herriarentzat, izan ere, deialdira aurkeztu diren bederatzi udalerrietatik bostek soilik lortu dute finantzaketa, eta Anoetako Udalak hirugarren puntuaziorik onena lortu du balorazioan», aipatu dute udal ordezkariek.
Ikastolako teilatuan 36 kWko instalazio fotovoltaikoa jarriko dute. Aldundiak egingo du instalazioaren kudeaketa osoa eta azpiegituraren titulartasuna udalarena izango da. Argiberri energia komunitatea izango da onuraduna; bertan ekoitzitako energia komunitatea osatzen duten 29 bazkideen artean banatuko da.
Anoetako Udalak «oso positiboki» baloratu du ekimena, eta trantsizio energetikoan eta energia berriztagarrien sustapenean urratsa garrantzitsutzat jo du.