Anoetako Udalak martxan jarri ditu Errotaldea auzoa berritzeko eta urbanizatzeko obrak. Lanek iraun bitartean auzotarren aparkatzeko beharrari erantzuteko behin-behineko aparkalekuak egokitu ditu.
Auzoko irisgarritasuna, azpiegiturak eta bizigarritasuna nabarmen hobetu nahi dute lanekin. Horretarako espaloi zabalagoak eta oinezkoentzat eremu seguruak sortuko dituzte mugikortasuna hobetzeko, lurpeko sareak berrituko dituzte –ura, saneamendua, telekomunikazioak eta LED argiteria efizientea–, eta eremu berde nahiz hiri altzari berriak jarriko dituzte.
Proiekturako 944. 383 euroko inbertsioa egingo du udalak, eta aurreikusitakoaren arabera, lau hilabete iraungo dute lanek. Lau mila metro koadroko eremua hartzen du Errotaldea auzoak. Epe honetan, arkitektura oztopoak kendu, ibilbide irisgarriak sortu eta trafikoaren abiadura moteltzeko neurri berriak jarriko dituzte.
Udalak eskerrak eman dizkie auzotarrei obrek iraun bitartean sortu daitezkeen deserosotasunen aurrean erakutsitako ulermenagatik eta lankidetzagatik.