Anoetako Udalak eta Anoetako Herri Ikastolak lanketa bat abiatu dute elkarlanean, herriko Eskola Kirola indartzeko. Bi eragileen arabera, haurren ongizatea, heziketa integrala, segurtasuna eta inklusioa sustatzen dituen komunitate-proiektua da Eskola Kirola.
Argitaratutako ohar batean, udalak eta ikastolak onartu dute ekimenaren inguruan hainbat zalantza eta eztabaida sortu direla azken ikasturtean, eta horrek aukera eman diela orain arteko eredua aztertu eta etorkizunera begirako erronkak identifikatzeko. «Argi izan dugu helburu nagusia: Eskola Kirolak haur eta nerabeei egiten dien ekarpena balioestea, eta, aldi berean, beharrezko urratsak ematea, garai berrietara egokitzeko eta ekimena bera indartzeko».
Jarduera fisikoaz eta kirolaz harago, haurren garapen pertsonal eta sozialerako hezkuntza-espazio garrantzitsua dela uste dute udalak eta ikastolak. «Ez da haurrei kirola egiteko aukera eskaintzea bakarrik. Bertan, besteak beste, talde-lana, errespetua, ahalegina, autonomia, berdinen arteko harremanak, gatazken kudeaketa eta elkarbizitza bezalako balioak lantzen dira».
Egunero eraikitzen den prozesua denez, kalitatezko zerbitzua ematen jarraitzeko asmoa agertu dute bi eragileek. Elkarlanean egingo duten lanketaren barruan, kirolaren arloa garatzeko eta eskaintzen diren baliabideak hobetzeko neurriak lantzen ari dira, baina baita kirol-jardueraren atzean dagoen hezkuntza-ikuspegia indartzeko ere. «Guretzat garrantzitsua da haurrek kirola egiteaz gain, kirolaren bidez ikastea, harremanak eraikitzea, eta pertsona eta talde gisa haztea».
Hezkuntza-prozesu hau herrian bertan eta gertuko erreferenteekin garatzeari garrantzia handia ematen diote, haur eta nerabeak komunitatean hezi eta herrian errotu daitezen. «Gertuko hezitzaileen eta egituren bidez egiten bada, are aberasgarriagoa izango da, Anoetako komunitatea indartzen lagunduko baitu», adierazi dute Anoetako Herri Ikastolako eta Anoetako Udaleko arduradunek.
Bide batez, eskerrak eman dizkiete Eskola Kirolaren eguneroko funtzionamenduan lanean ari diren entrenatzaileei, koordinatzaileei eta zuzendariei. Funtsezkotzat jo dituzte haien eguneroko lana, konpromisoa eta profesionaltasuna, proiektuak aurrera egin dezan. Era berean, familiei ere eskerrak eman dizkiete, emandako konfiantzagatik eta egindako ekarpenagatik. «Eskola Kirola guztion artean eraikitzen dugun proiektua da, eta komunitate osoaren inplikazioarekin soilik lortuko dugu Anoetako haurrek kirolaz gozatzeko eta, kirolaren bidez, hazteko aukera izatea».