Anoetako Udalak uztailaren 28ko osoko bilkuran onartutako akordioari jarraituz, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO) argitaratu du Iturtxulo kaleko 4 eta 6 zenbakietako lurrazpiko zortzi garaje plaza emakidaren baldintza agiriak onartzeko onespena.
Prozesu honen bidez, eremu horretan aparkatzeko dagoen eskaerari erantzuna eman nahi dio udalak, herritarren bizi-kalitatea hobetuz. Emakidaren ezaugarri nagusiak honakoak dira: aparkalekuen erabilera emakida 10 urterako emango da; urteko tasa 600 eurokoa izango da (lehen urtean proportzionalki ordainduko da) eta, horrez gain, 300 euroko fidantza ezarri da; eta erabileraren ondoriozko mantentze- eta garbitasun-gastuak erabiltzaileen kontura izango dira.
Jabari publikoko lurrazpiko aparkalekuen emakidarako baldintza agiriak jendaurrean ikusgai daude, Anoetako Udaleko iragarki taulan edo udaletxean.
Behin kontsulta-epea amaitutakoan, iraileko bigarren hamabostaldian, izena emateko epea zabalduko da. Eskabideak aurkezteko epea 30 egun baliodunekoa izango da. Dokumentazioa Anoetako Udaleko Erregistro Orokorrean edo udal webguneko egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu ahalko da.
Parte hartu ahal izateko, eskatzaileek herrian erroldatuta egon beharko dute, eta eskatzailearen etxebizitzan bizi direnen artean guztira, gehienez ere, garaje bakarra izatea Anoetako udalerrian.