Naturaguneak berreskuratzea izan daiteke klima-aldaketaren ondorioetara hobeto egokitzeko modu eraginkor bat. Pentsamendu horrekin, Anoetako Udalak sustatuta, Lasarbeko berdegunea berritu dute. Herritarren bizikidetza, biodibertsitatea eta ingurumen-hezkuntza uztartzen dituen espazioa da orain. Gaur goizean, Gloria Vazquez Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Administrazioko zuzendariak eta Anoetako udal ordezkariek bisitatu dute eremua.
Jarduketak 408.340,21 euroko inbertsioa suposatu du udalarentzat, eta 4.663 metro koadroko eremua herritar guztientzako espazio irisgarri eta berde bihurtzea ahalbidetu dio. Lasarbe errekaren ingurunea berreskuratu dute, udalerriaren ingurumen-kalitatea hobetzen duen eta klima-aldaketaren aurrean erresilientzia indartzen duen azpiegitura berde berri bat sortuta.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak 35.000 euroko laguntza eman dio udalari, Garapen Jasangarriko Helburuekin lerrokatutako udal-proiektuak babesteko diru laguntza deialdiaren bidez. Laguntza-lerro horrek 230.000 euroko aurrekontua du 2026an, udalerri jasangarriagoak, erresilienteagoak eta inklusiboagoak sustatzeko.
Natura eta herritarrak lotzeko berdegunea
Espazio berriak natura, aisialdia eta ikaskuntza uztartzen ditu. Bere diseinuak oinezkoentzako ibilbide irisgarriak, atseden-guneak, naturan oinarritutako jolas-eremuak eta belaunaldi desberdinen arteko topaguneak biltzen ditu. Era berean, ibai-ekosistema hobetzeko, biodibertsitatea indartzeko eta landaredia sustatzeko jarduketak egin dituzte, herrigunearen eta ingurune naturalaren arteko lotura sendotuz.
Proiektuak hezkuntza-dimentsio nabarmena ere badu. Herritar guztientzako espazio gisa sortua, ingurumen-sentsibilizazioko jarduerak egiteko aukera emango du, eta ikastetxeentzat natura, biodibertsitatea, uraren zikloa eta ekosistemen kontserbazioaren garrantzia ezagutzeko hurbileko baliabide bihurtuko da. Gainera, irisgarritasun unibertsala, berdintasuna, herritarren parte-hartzea eta inklusioa bezalako irizpideak txertatu dira, herritarrekin, tokiko elkarteekin eta hezkuntza-komunitatearekin egindako parte-hartze prozesuaren emaitza gisa.
Vazquezen iritziz klima-aldaketari aurre egiteko modurik onena gure herri eta hirietan «natura gehiago txertatzea» da. «Lasarbe bezalako espazioak berreskuratzeak biodibertsitatea babesten du, pertsonen bizi-kalitatea hobetzen du eta udalerri osasungarriagoak eta erresilienteagoak eraikitzen laguntzen du», adierazi du.
Halaber, zuzendariak azpimarratu du Foru Aldundiak «jasangarritasuna ekintza zehatz bihurtzen duten proiektuak» babesten dituela. «Errekak lehengoratzea, berdegune berriak sortzea eta natura herritarrengana hurbiltzea etorkizuneko belaunaldientzat ere ingurumen-, gizarte- eta hezkuntza-onurak sortzen dituzten inbertsioak dira».
Herria egiten
Bestetik, Egoitz Luisa Anoetako alkateak adierazi du udalak urteak daramatzala «herri jasangarriago baten aldeko apustua» egiten, eta azaldu du konpromiso hori haien eguneroko jardunean islatzen dela: «Lasarbeko parkearen proiektua horren adibide da, baina ez da bakarra. Energia berriztagarrien aldeko apustua edota hondakinen kudeaketa hobetzeko lanean ari gara. % 75eko gaikako bilketa tasa lortu dugu; herritarrek eta udalak partekatzen dugun konpromisoaren erakusgarri da hori».
Alkateak gaineratu du proiektuak garatzeaz gain, Anoetan «garrantzi berezia» duela horiek garatzeko moduak. «Guretzat ezinbestekoa da proiektu guztiak herritarrekin partekatzea eta haien ekarpenak jasotzea. Horregatik, ekimen guztiak herritarren parte-hartze zuzena sustatuta lantzen ditugu. Uste dugu erabaki onenak elkarrekin eraikitzen direla. Egiten ditugun gauza guztien helburua herritarren ongizatea hobetzea, komunitatea indartzea eta herria egitea da. Izan ere, komunitate kohesionatu, parte-hartzaile eta konprometitu batek etorkizuneko erronkei aurre egiteko gaitasun handiagoa izango du, eta hurrengo belaunaldiei herri jasangarriagoa, sendoagoa eta bizi-kalitate handiagokoa uzteko aukera emango digu».