Komunitate-ikerketa egin dute festetako gertakariak argitzeko

Adi eta So! mahaiak jakinarazi du prozesua amaitu dela, eta hemendik aurrera desinformazioa ez elikatzea eta elkarbizitza indartzea izango direla lehentasunak.

Aurtengo Anoetako festetan zenbait gertakari izan ziren, eta horiek herriko hainbat emakumerengan eragina izan zuten. Adi eta So! mahaia elkartu, eta gaia aztertu ondoren, indarkeria matxistari aurre egiteko protokoloa aktibatzea erabaki zuen.

Gertakariaren ondorengo egunetan herrian hainbat bertsio zabaltzen hasi ziren, Adi eta So! mahaiak adierazi duenez, egiaztatu gabeko informazioak eta interpretazioak zabaldu ziren, eta sortu ziren zurrumurruek ez zuten lagundu uneak eskatzen zuen zuhurtziarekin jokatzen.

Hori dela eta, Anoetako Udalak erabaki zuen komunitate-ikerketa bat sustatzea, jarduera bideratzeko oinarri objektiboa izateko. Sortzen Aholkularitzaren laguntza teknikoarekin egin den prozesuaren helburua, udalaren esanetan, ez da izan organo judizialen jarduna ordezkatzea, ezta erantzukizun penalak zehaztea ere. Aitzitik, gertakariak argitzeko beharrezkoak diren harremanak egin nahi izan dituzte, betiere bizikidetzaren ikuspegitik.

Ikerketak egiaztatu du hainbat emakumerengan eragin nabarmena izan zuten jokabideak gertatu zirela festen lehen asteburuan, eta emakumeek egoeraren bilakaerari «modu mailakatu eta proportzionatuan» erantzun ziotela.

Elkarbizitza helburu hartuta, prozesuan egindako elkarrizketa jarraituei esker oinarri sendoa lortu dute, gertatutakoa hobeto ulertzeko, eta zorroztasuna, berdintasuna, eta erantzukizun publikoa sustatzeko.

Prozesua amaitu dute, eta mahaiaren ustez lehentasuna da desinformazioak eta konfrontazioak komunitatean eragin duen egoera gatazkatsua gehiago ez luzatzea eta errespetua sustatzea. «Komunitate demokratiko bat ez da gatazkarik inoiz sortzen ez delako definitzen, gatazka horiei aurre egiteko aukeratzen duen moduagatik baizik».

Adi eta So! mahaia

Anoetako Udalak, Anoetako Herri Ikastolak, Matraka talde feministak, tabernarien ordezkariek eta herriko eragileen ordezkariek sortu zuten Adi eta So! mahaia 2021ean. Indarkeria matxistaren prebentzioa eta pertsona guztiek jaiak askatasunez, berdintasunez eta segurtasunez gozatzeko duten eskubidea bermatzea ditu helburu; horrez gain, indarkeria matxistari aurre egiteko protokoloaren jarraipena egitea, eta eraso matxistarik gertatuz gero, horren inguruko informazioa jaso, aztertu eta nola erantzun adostea ere badira mahaiaren eginkizunak. 

Mahaiak iragarri du hemendik aurrera ere bultzatuko dituela hausnarketarako guneak, jaiak seguruak eta berdinzaleak izan daitezen. Gainera, indarkeria matxistaren prebentzioa indartzeko, udal protokoloak hobetzeko eta jaietan parte hartzen duten eragileen prestakuntza sendotzeko jarduerak bultzatuko ditu.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!