Kontsulta publikoa ireki dute hileta zibilen ordenantza prestatzeko

Arauaren hasierako zirriborroa idatzi aurretik, herritarren eta eragileen ekarpenak jasotzeko kontsulta publikoa ireki dute. Uztailaren 24ra arte egin ahal izango dira proposamenak.

Anoetako Udalak hileta edo omenaldi zibilak egiteko ordenantza bat garatzeko prozesua jarri du martxan. Arauaren testua idatzi aurretik, herritarren eta eraginpeko erakundeen iritziak eta ekarpenak jasotzeko kontsulta publikoko epea ireki dute. Uztailaren 24a da ekarpenak egiteko azken eguna.

Gizartearen aniztasun ideologiko, erlijioso eta kulturalari erantzunez, gero eta handiagoa da erlijio izaerarik gabeko azken agur edo omenaldi duin eta pertsonalak egiteko eskaera. Gaur egun, Anoetako Udalean ez dago horrelako ekitaldiak eta espazioen erabilera arautzen dituen berariazko ordenantzarik. Hutsune horrek herritarrentzat zein administrazioarentzat segurtasun juridikorik eza sor dezakeenez, udalak horretarako ordenantza autonomo eta berariazko bat sortzearen aldeko apustua egin du.

Ordenantza berriak hainbat alderdi arautuko ditu: ekitaldiak egiteko erabiliko diren guneak zehaztuko ditu (hasiera batean plazako estalpea eta Lasarbe aretoa proposatu dituzte); eskaerak nola tramitatu, zer dokumentu aurkeztu eta baimenak emateko irizpideak finkatuko ditu, betiere berehalakotasunaren printzipioari lotuta; herritar guztien berdintasuna eta ez-diskriminazioa bermatuko ditu zeremonia hauetarako sarbidean; eta instalazioak behar bezala kontserbatzeko irizpideak, erabili beharreko materialak eta ordutegiak zehaztuko ditu.

Orain, hasierako zirriborroa idatzi aurreko kontsulta publikoa abiatu, eta herritarren beharrak modurik egokienean nola ase aztertu nahi dute. Ordenantza herritarren interes eta aniztasunaren beharretara hobekien moldatu dadin, anoetar guztiak, baita herriko talde eta erakundeak ere, gonbidatu ditu udalak prozesuan parte hartzera.

Uztailaren 24a da ekarpenak egiteko azken eguna. Proposamenak eta iritziak helarazteko, udala@anoeta.eus helbidera idatzi beharko da, edo udal erregistroa erabili ahalko da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!