Anoetako Udalak Alkartasuna taberna-jatetxearen kudeaketa esleitzeko prozesua abiatu du. Zerbitzuaren gizarte-interesa eta izaera publikoa nabarmendu ditu: «Herriko erretiratuen bilgune nagusia izateaz gain, gune honek gizarte kohesioa, sozializazioa eta asoziazionismoa indartzen ditu, anoetarrek aisialdirako eta otorduetarako aukera herrian bertan izan dezaten».
Taberna-jatetxea itxi ez dadin eta zerbitzua bermatzeko, udalak urgentziazko izapidetzea aukeratu du, prozedura ireki baten bidez. Horrela, ustiapen-arriskua enpresa esleipendun pribatuak hartuko du bere gain, baina udalak kontrol-ahalmena gordeko du, Alkartasunaren jarduera ekonomikoaren bideragarritasuna bermatzeko.
Udalak ez du zerbitzua zuzenean finantzatzen —erabiltzaileek ordaintzen dituzte kontsumizioak—; aitzitik, udalak kanon bat jasotzen du ustiapenagatik.
Proiektu bideragarria
Aurreko urteetako datuetan, lau langileko taldean eta establezimenduaren edukieran oinarrituta, urteko 167.520 euroko fakturazioa aurreikusten da —barra, eguneko menuak eta asteburuko otorduak barne—. Gastu guztiak kenduta (soldatak, kanona eta gastu orokorrak), urtean 21.800 euro inguruko irabazi garbia lortzea aurreikusten dute. Gainera, esleipendun berriak ez du inbertsio handirik egin beharrik izango lokalean.
Kontratuak bi urteko iraupena izango du, eta urtebeteko luzapenen bidez gehienez beste hiru urtez luzatu ahal izango da. Lizitazioaren aurrekontua urtean 9.000 eurokoa izango da, BEZa barne.
Proposamenak aurkezteko epea uztailaren 22an amaituko da. Zalantzak argitzeko, idazkaritza@anoeta.eus helbidera idatzi daiteke.