Lasarbeko hamar etxebizitza tasatu saldu gabe geratu dira

Etxebizitzak zuzenean salduko ditu enpresa eraikitzaileak hemendik aurrera, zozketa berririk egin gabe. Udalak «atsekabea eta kezka» adierazi ditu egoeraren aurrean.

Lasarbe auzoko udal etxebizitza tasatuen zozketa eta esleipen prozedura amaitu da. Prozesu osoa amaitu ostean, zortzi etxebizitza baino ez dira saldu. Ondorioz, hamar etxebizitza saldu gabe geratu dira.

Egoera honi aterabidea emateko, eta betiere udalbatzak onartutako udal etxebizitza tasatuen ordenantza kontuan hartuta, saldu gabe geratu diren etxebizitzak zuzeneko salmentan jarriko ditu orain enpresa eraikitzaileak, Construcciones Aburuza S.L.-k. Aurrerantzean, beraz, ez da zozketa berririk egingo: etxebizitza hauetan interesa duen orok zuzenean enpresara jo beharko du, erosteko asmoa adierazteko.

Fase berri honetan, interesdunek orain arte indarrean egon diren, udal ordenantzan jasotako, baldintza berak bete beharko dituzte: Tolosaldeko udalerriren batean erroldatuta egotea, araudiak ezartzen duen errenta-mailaren barruan egotea eta etxebizitzaren jabetza eskuratzean beste etxebizitzarik jabetzan ez edukitzea.

Udalaren balorazioa eta kezka

Anoetako Udalak dagoeneko otsailean adierazi zuen ezarritako prezioek «atsekabea eta kezka» sortzen ziotela. Kezka hori areagotu egin da orain, 18 etxebizitzetatik zortzi baino ez direla saldu ikusita.

Egoitz Luisa Urkola alkatearen hitzetan, «udal gisa, gure helburu nagusia herritarrei etxebizitza eskuragarriak bermatzea eta tokiko emantzipazioa laguntzea da, eta etxebizitza tasatuen ereduak hori bideratu beharko luke. Hala ere, etxe hauek prezio altua dela eta hutsik geratzeak argi uzten du, kasu honetan, ez dutela beren funtzioa bete».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!