Ikusgai jarri dute 'Kaleen oihartzuna' emanaldi herrikoia

Ataria 2026ko ekainaren 19a

YouTuben jarri dute ikusgai maiatzaren 29an kiroldegian Anitz dantza taldeak, Loatzo musika eskolak eta Kukuak Kantuz taldeak egindako saioa.

Joan den maiatzaren 29an, Anoetako jaiei hasiera bikaina emateko, herriko hainbat kultur eragilek indarrak batu zituzten Kaleen oihartzuna ikuskizun berezia taularatzeko. Anitz dantza taldeak, Loatzo musika eskolak eta Kukuak Kantuz taldeak lankidetza estuan egindako saio honek harrera bikaina izan zuen herritarren artean, eta orain, nahi duen edonork noiznahi eta nonahi ikusteko aukera izango du, osorik igo baitute YouTubera.

Ikuskizunak 1900. urtetik gaur egunera arte Anoetan izandako hainbat pasarte eta bizipen garrantzitsu ezagutzera ematen ditu modu kronologikoan, musika eta dantza ardatz hartuta. Herriko memoria historiko eta kolektiboa berpizten duten uneen artean, honako hauek jorratzen dira, besteak beste: Anoetaren eta Iruraren arteko harremana, Txikita de Anoetak raketista gisa egin zuen ibilbidea, Berpizkundeko Jaurtakolek Ateaga baserrian egin zuen egonaldia, Carrero Blanco Anoetara eskola nazionalak inauguratzera etorri zenekoa, Modesto Enea etxeak herrian izan duen bilgune funtzioa, Xalbador Garmendiak itzultzaile gisa egin zuen lana, Abraham Olanoren txapelketa mundiala eta Anjel Mari Peñagarikanoren Gipuzkoako txapela, edota herrian hain maitatua zen Juanjo brigadako langileak festetan izandako parte hartzea.

Udaletik eskerrak eman dizkie parte hartu eta ikuskizun hau posible egin duten elkarte eta herritar guztiei, herriaren izaera eta historia hain modu ederrean jasotzeagatik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!