San Isidro egunaren harira herritarrek auzolanean garbitu, txukundu eta seinaleztatu zituzten bi herri ibilbideak ezagutarazteko panel berriak instalatu ditu Anoetako Udalak. Panel informatibo hauek bi puntu estrategikotan kokatu dira: bat herriko plazan dago, eta bestea, berriz, kiroldegiko bidean, auditorioaren parean.
Informazio gune hauetan herriko bi ibilbide seinaleztatuak zehazten dira, koloreen bidez bereizita:
-
Ibilbide motza (laranja): 4 kilometro pasatxo ditu. Ergoien Bailaratik Osintzuloraino doa, eta Alkizako errekaren ibilguari segika herrigunera itzultzen da.
-
Ibilbide luzea (morea): ia 7 kilometroko luzera du eta Ateaga baserrira joan-etorri zirkularra egiten du.
Bi ibilbideek zailtasun tekniko txikia dute, beraz, herritar guztiek oinez lasai egiteko modukoak eta oso eskuragarriak dira.
Anoetako Udalak eskerrak eman dizkie bihotzez, auzolanaren eta elkarlanaren bidez, herriarentzat hain aberasgarria den proiektu hau aurrera eramatea ahalbidetu duten herritar eta boluntario guztiei.
