Gazteek herrian duten lekua «birpentsatzeko» ekimena

Ataria 2026ko ekainaren 5a

Gazteon Anoeta proiektua abiarazi dute DBH3ko ikasleek. Uztailera begira hainbat jarduera antolatu dituzte.

Anoetako DBH3ko ikasleek —tartean irurarrak ere bai— Gazteon Anoeta proiektua aurkeztu dute herriko jaien testuinguruan. Herrian eurentzat lekurik ez dagoela iritzita, elkartu egin dira ideia hori aldatzeko helburuarekin. Hala, uztailera begira hainbat ekitaldi antolatuz ekin diote ekimenari.

Azaldu dutenez, azken urteetan askotan entzun da gazteek geroz eta gutxiago hartzen dutela parte herrian, denbora gehiago pasatzen dutela pantailen aurrean, edo euren harremantzeko modua geroz eta indibidualistagoa dela. «Guk ere sentitzen genuen askotan Anoetan ez genuela espaziorik, ez ahotsik, eta herrian egiten ziren ekintzetatik urrun geundela. Batzuetan, eta batez ere azkenaldian, ematen du gazte eta nerabeez asko hitz egiten dela, baina, nork hitz egiten du gurekin? Proiektu honek hori aldatzeko aukera eman digu», esan dute.

Gazteon Anoeta uda honetarako prestatu dituzten jarduerez harago doan ekimena dela diote.  Izan ere, eurentzat, «herrian dugun lekua birpentsatzeko aukera izan da». «Lehen aldiz, gure ideiak entzunak izan dira, gure iritziak kontuan hartuak, eta herriarentzat zerbait sortzeko aukera izan dugu. Ez gara jarduera batzuetara joatera mugatu; guk geuk pentsatu, prestatu eta antolatu dugu uda honetan egingo denaren zati handi bat».

Gainera, prozesu horretan herria eraikitzeko gai garela ere konturatu dira: «elkarrekin lan egiteko, gauzak antolatzeko, harreman eredu berriak sortzeko eta herrian giro desberdina eraikitzeko. Eta hori oso garrantzitsua izan da guretzat».

Prozesuan hainbat eragile bidelagun izan dituzte, eta horiei eskerrak eman dizkiete: Eskerrik asko Anoetako eta Irurako gaztelekuko hezitzaileei, gugan sinesteagatik eta benetan entzuteagatik. Eskerrik asko Gazte Asanbladari, gazteok elkarrekin antolatzeko eta herrian lekua hartzeko bidea erakusteagatik. Eskerrik asko ikastolari, proiektua barrutik lantzeko aukera emateagatik. Eskerrik asko kale hezitzaileei, hor egoteagatik eta laguntzeko prestutasunagatik. Eta eskerrik asko udaleko komunikazioko langileari eta Gazteria Sailari, gure ideiak serio hartzeagatik eta hau guztia posible egiten laguntzeagatik».

Aurtengo uztailak, esperientzia desberdinak bizitzeko aukera emango diela esan dute. «Herriko gazteen artean harreman berriak sortzeko, herriko hainbat espazio beste modu batean erabiltzeko eta herriko eragileekin batera gauzak egiteko aukera izango dugu».

Hain justu, DBHko ikasleei bideratuta ginkana bat egingo dute. Gainera, hainbat kiroletako txapelketak egingo dituzte (bolley, futbola, soka tira, brilleta...). Kultur jarduerak ere izango dira, hala nola, tailerrak eta kontzertuak... eta Gazteon Afaria ere egingo dute.

Gaurko aurkezpenean, pankartak egin eta plazan eskegi dituzte proiektuari ikusgarritasuna emateko, eta herritar guztiak deitu dituzte gazteongana gerturatzera eta ekimena babestera.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!