Larunbat gauean, Anoetako Kuadrillen Egunean izandako eraso sexistak salatu dituzte gaur Anoetako plazan. Udalak eta Erasoen Aurkako batzordeak egindako deialdiarekin bat egin dute hainbat herritarrek.
Batzordeak gaitzespen «tinkoa» adierazi du larunbat gauean gertatutako eraso sexisten aurka. «Gure laguntza eta babes osoa eskaini nahi dizkiegu erasoa jasan duten emakumeei eta haien ingurukoei», adierazi dute elkarretaratzearen amaieran.
Udalak eta batzordeak emakumeen aurkako indarkeriari erantzun publikoa emateko protokolo instituzionala aktibatu dute. Azaldu dutenez, neurri horren helburua da erasoa jasan dutenei eta haien gertukoei arreta egokia ematea.
Laguntza behar duen oro Adi eta So mahaiarekin edo udaleko gizarte zerbitzuekin harremanetan jartzeko deia luzatu dute. «Ez ditugu inola ere onartzen emakumeen eskubideak urratzen dituzten erasoak, eta jaiak errespetuz gozatu nahi ditugu. Anoeta horretarako leku seguru eta erosoa izatea nahi dugu».
Anoetako jaiak bihar hasiko dira ofizialki. Eguneko 24 orduetan martxan egongo dira telefono hauek: 688 601 679 (batzordearena), 943 65 12 00 (udalarena), 112 (larrialditakoa) eta 900 84 01 11 (Satevikoa, informazio eta arreta zerbitzukoa).
Errespetuz gozatu
Adi eta So mahaiak, festak hastearekin batera, jaiak errespetuz gozatzeko jarraibideak eman ditu. Alde batetik, konplize ez izateko eskatu dute, eta erasoa geldiarazteko pausoa ematera deitu dituzte herritarrak, bereziki erasotzailea ezaguna edo laguna denean.
Biktimarengana hurbiltzeko moduen berri ere eman dute: lasaitasuna mantentzea, laguntzeko prestasuna adieraztea, ez epaitzea, kontatutakoa zalantzan ez jartzea, eta galdetzea ea konfiantzazko norbaiti deitu nahi ote dion.
Mahaiko kideek nabarmendu dute erasoa jasan duen pertsonaren denborak eta erabakiak errespetatu egin behar direla: «Edozein dela ere hartzen duen erabakia, jakinarazi norbaiti kontatzen laguntzeko prest zaudela».
Bortxaketa edo sumisio kimikoko kasuetan nola jokatu ere azaldu dute. Laginak jasotzeko eta mediku azterketa egiteko ospitalera joatea komeni izaten da. Dena den, biktimak erabaki behar du joan edo ez, eta inguruan daudenek gogorarazi diezaiokete, ospitalera joateak ez duela derrigorrez esan nahi salaketa jarri behar duenik.
Era berean, ospitalera ere ez du zertan berehala joan behar. Beranduago, edo hurrengo egunetan joatea erabakitzen badu, adituek eman ohi dituzten gomendioak gogoratu dakizkioke: arropak gordetzea, ez dutxatzea, eta, ahal dela, tarte horretan ezer ez jatea edo edatea.