Larunbatean Anoetan izan ziren eraso sexistak salatzeko elkarretaratzea egingo dute

Ataria 2026ko ekainaren 2a

Arguedaseko erailketa matxista salatzeko maiatzaren 20an Anoetan egin zuten elkarretaratzea.

Anoetako Udalak eta Anoetako Erasoen Aurkako batzordeak elkarretaratzea deitu dute gaur, 19:00etan, Anoetako plazan.

Anoetako Udalak eta Anoetako Erasoen Aurkako batzordeak jakinarazi dute larunbat gauean hainbat emakumek gizon baten eraso sexista jasan zutela herriko jaien testuinguruan. Erasoa jasan duten emakumeei eta haien ingurukoei laguntza eta babes osoa eskaini dietela adierazi dute, eta informazioa zein baliabideak haien eskura jarri dituztela.

Emakumeen aurkako indarkeriari erantzun publikoa emateko protokolo instituzionala aktibatu dute Anoetan. Azaldu dutenez, neurri horren helburua da erasoa jasan dutenei eta haien gertukoei arreta egokia ematea, informazioa baloratzea eta beharrezko koordinazioa bermatzea. Horrenbestez, Anoetako Udalak eta Anoetako Erasoen Aurkako batzordeak bi erabaki hartu dituzte: batetik, emakumeen eskubideak urratzen dituzten erasoak ez dituztela onartzen irmo adieraztea; eta, bestetik, herritarrei emakumeen aurkako indarkeriaren aurkako gaitzespena agertzeko bide bat eskaintzea.

Hala, elkarretaratzea egingo dute gaur, ekainaren 2an, 19:00etan, Anoetako plazan. Herritar guztiak deitu dituzte bertan parte hartzera, indarkeria sexistaren aurka agertzera eta haren biktimei bakarrik ez daudela adieraztera.

«Guztion erantzukizuna eta ardura da»

«Bermatu behar dugu udalerrian bizi garen pertsona guztiok eskubide guztien jabe garela, eta ez dugu atsedenik hartuko ahalegin horretan. Guztion artean bilatu behar diogu irtenbidea gure bizikidetzaren oinarriak auzitan jartzen dituen arazo sozial larri honi», adierazi dute ohar batean Anoetako Udalak eta Anoetako Erasoen Aurkako batzordeak.

Bi eragileen ustez, indarkeria sexista gizartean errotuta dauden genero-aurreiritzien ondorio da: «Gizartearen antolamenduak emakumeak menpekotasun materialeko egoerara eta bizitza prekariora bultzatzen ditu. Ez ditu emakumeak gizonen maila berean jartzen, eta ez die aukerarik ematen oinarrizko eskubideen jabe izateko. Emakumeak kontrolpean eta mendean izan nahi dituen ideologia da».

Anoetako herritarrei emakumeen aurkako eraso guztiak «irmotasunez» gaitzesteko aukera eskaini nahi diete. «Erasoa jasan duten emakumeek guztion babesa sentitu behar dute; ikusi behar dute guztion erantzukizuna eta ardura dela haiei laguntzea. Era berean, erasotzaileari argi eta garbi adierazi behar diogu guztion artean mugatuko dugula beldurra hedatzeko estrategia zital hori, emakumeei erantzuteko tresna egokiak emanez eta gizon erasotzaileei ekintza horien ondorioak ordainaraziz», adierazi dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!