Ostiralean Anoetako jaiei hasiera emateko dantza emanaldia egingo dute herriko kiroldegian, 22:30etik aurrera. Anitz dantza taldeak, Loatzo musika eskolak eta Kukuak Kantuz abesbatzak antolatu dute saioa, eta Kaleen oihartzuna izena jarri diote.
1900. urtetik Anoetan izandako hainbat pasarte emango dituzte ezagutzera musika eta dantzaren bidez, modu kronologikoan: Anoetaren eta Iruraren arteko harremana; Txikita de Anoetak raketista gisa egin zuen ibilbidea; Berpizkundeko Jaurtakolek Ateaga baserrian egin zuen egonaldia; Carrero Blanco Anoetara eskola nazionalak inauguratzera etorri zenekoa; Modesto Enea etxeak herrian izan duen bilgune funtzioa; Xalbador Garmendiak itzultzaile gisa egin zuen lana; Abraham Olanoren mundiala; Anjel Mari Peñagarikanoren Gipuzkoako txapela; 2012ko jaietako kakeria; edo herrian hain maitatua zen Juanjo brigadako langilearen parte hartzea festetan.
Amaiur Luluaga Anitz dantza taldeko irakasle eta emanaldiaren koordinatzailearen esanetan, pasarte horietako asko ezezagunak dira herritarrentzat: «Jende helduak ezagutzen dituenak ez dituzte gazteek ezagutzen, eta alderantziz». Mikel Errazkin eta Nekane Peñagarikano herritarrek lagundu diete historiako pasarteak aukeratzen eta haien inguruko dokumentazioa biltzen. «Adineko jendearekin ere bildu gara, eta haiek kontatutakoekin beste emanaldi bat osatzeko adina material izango genukeen», dio Luluagak.
Saioan pantaila handi bat jarriko dute denbora lerro batekin, eta proiekzio laburrek emango diete bidea dantza saioei. Gertakari historiko bakoitzarekin lotutako galdera bana egingo diote publikoari. «Ez dadila inor beldurtu, ez baitugu inor oholtzara aterako. Baina, hori bai, publikoaren interakzioa bultzatuko dugu».
Emanaldi jendetsua
Anitzentzat hitzordu garrantzitsua da ostiralekoa. Bi urtez behin antolatzen dute kiroldegiko emanaldia, eta lan handia eskatzen die taldeko lau irakasleei. Sei taldek hartuko dute parte etziko saioan: gutxi gorabehera, 80 dantzarik. Haiekin batera, historiako pasarte bakoitzari lotuta, beste hamar bat herritarrek ere parte hartuko dute aktore gisa esketxetan.
Loatzo musika eskolak ere ahalegin handia egingo du ostiraleko emanaldirako. 40 musikarik hartuko dute parte —bandako kideak, eskusoinu jotzaileak eta txistulariak—; musika eskolako haurren abesbatzako dozena bat lagunek ere parte hartuko dute; eta kantari gisa ariko dira Kepa Otegi eta Txomin Azpiroz. Gainera, Kukuak Kantuz taldeko 18 lagun igoko dira oholtzara.
Idoia Balza Loatzoko irakasleak koordinatu ditu musikariak, eta lan handia izan den arren, emaitza «ikusgarria» izango dela esan du: «Aurreko urteetan Anitzekin batera aritu izan gara, baina Anoetako ikasleek baino ez dute parte hartu. Oraingo honetan, musika eskola osoko ikasleak batuko dira, eta prozesua oso aberasgarria ari da izaten».
Luluagaren ustez, «pribilegioa» da zuzeneko musikarekin dantza egin ahal izatea. Balzak moldatu ditu emanaldian entzungo diren kanten bertsioak, musika eskolako gainerako irakasleen laguntzaz. «Ikasleentzat ere erronka polita da, eta hainbat arte diziplinen arteko elkarrekintzarekin asko ikasten dute», azpimarratu du musika irakasleak.
Pasarte historiko bakoitzerako dantza bana prestatu dute Anitzekoek. «Euskal dantzetan dute jatorria gure koreografia guztiek. Etziko emanaldian, adibidez, badago hitzen gainean eraikitako dantza bat, ipuin baten gainean dantzatua, eta oso-oso berezia da», esan du Luluagak. Anoetako herritarrentzat interes berezia duten gaiak jorratuko dituzte emanaldian, baina Balzaren ustez, eskualdeko gainerako herritarrentzat ezezagunak diren pasarteak ezagutzera emateko ere balioko du emanaldiak.
Bestelako konpromisoak izan arren, ikasturte hasieratik saiatzen dira festetako emanaldi hau prestatzen. Luluagak gogorarazi du, gainera, etzira arte egongo dela zabalik datorren ikasturterako matrikulazio epea.
Dagoeneko entsegu pare bat egin dituzte dantzariek eta musikariek elkarrekin, eta, urduritasuna sumatzen den arren, irakasleak ziur daude guztia ondo aterako dela. «Lan handia eta ahalegina eskatzen du horrelako emanaldi bat antolatzeak, baina merezi du».
Interesa piztu du emanaldiak, neurri batean, dantza taldeko Koldo Aldabek Kaleen oihartzuna iragartzeko zabaldu duen bideoari esker. Badirudi sortutako espektatibak bete egingo direla.