Anoetako Udalak antolatutako egitaraua osatzeko, txosna batzordeak auzolanean oinarritutako egitaraua prestatu du aurtengo festetarako. Datorren asteazkenean abiatuko dituzte ekitaldiak, nahiz eta txosnagunea ostiraletik aurrera irekita egongo den.
Urtea hastearekin batera hasten dira festetako egitaraua antolatzen, eta jai egunetako kontzertuak erabakitzea izaten dute lehenengo lana. Martxo amaierarako erabakita zituzten egunez eguneko saioak. DJak izango dira nagusi aurten —herrikoak, DJ Mtralla, DJ Naza eta DJ Uzkülüz—, eta haiekin batera, Bilboko Nize taldea ariko da ekainaren 6an, larunbatez.
«Aurten, eragileetako ordezkariekin batera, jende gazteagoa ere batu da txosna batzordera, eta espero dugu hurrengo urteetan ere geroz eta gazte jende gehiago batzea eta festen antolakuntzan aktiboki parte hartzea. Denon gustuko jaiak antolatu ahal izateko, beharrezkoa da adin ezberdinetako jendeak txosna batzordean parte hartzea», esan dute orain arte antolakuntza taldean aritu diren herritarrek.
Lan taldeetan banatzen dituzte ardurak festak prestatzeko: garbiketa, diruzaintza, edariak, ekipoa eta txosnen muntaia. Lan kargak orekatzea eta elkarren zaintza dituzte iparrorratz. «Jende asko ariko da borondatez lanean. 250 lagun inguru daude aurten txosnetan txanda egiteko izena emanda», esan dute batzordeko kideek.
Beste hitzordu garrantzitsuetako bat ostegunean egiten duten herri mugimenduaren aldeko afaria izaten da —aurten ekainaren 4an—. 450 lagunek erosi dute dagoeneko afaltzeko txartela, eta 70 lagun baino gehiago ariko dira lanean otordua prestatzen eta zerbitzatzen. Saiheskia emango dute afaltzeko, eta aukera begetarianoa ere eskainiko dute. «Egun polita izaten da hori, eta arratsaldetik giroa berotzen joateko, Zigor DZ gonbidatu dugu. Gainera, goizaldera ere izango da sorpresaren bat edo beste».
Iaz lehen aldiz egin zuten bingoa, eta arrakasta handia izan zuela ikusita, aurten ere errepikatuko dute, ekainaren 5ean, ostiralez. Larunbata gazteen eguna izango da, eta 170 lagunek eman dute izena dantzarako.
Balio solidarioak ardatz
Euskal preso eta iheslarien aldeko brindisarekin abiatuko dute txosna batzordekoek egitaraua. Elkartasuna izango da antolatutako ekitaldietako ardatzetako bat. «Munduko herriekiko solidarioa den gunea izatea nahi dugu, anti-inperialista; Palestina eta jazartuta dauden gainerako herri zapalduak izango ditugu gogoan. Baina, aldi berean, gune burujabea, segurua, erasorik gabekoa eta euskalduna izango da».
Plazako estalpearen alboan jarriko dute gune nagusia. Eliza aldera jarriko dute txosnetako bat, eta frontoi aldera, agertokia. DJek eta Nize taldeak han egingo dituzte saioak. Anoetako plazan bertan, iturriaren ondoan, beste txosna bat ere jarriko dute. Aurten, gainera, egiturak prestatu eta konpontzeko lan handia egin dute batzordeko kideek.
«Garai batean baino jende gutxiago ibiltzen da gaur egun, eta bi txosnarekin moldatzen gara. Jai herrikoiak dira gureak, herritarrentzat prestatzen ditugunak, eta modu horretan ondo moldatzen gara».
Komunitateak bat egiteko aukera eskaini nahi diete herritarrei aurtengo festetan. «Jarrera indibidualistak nagusitzen diren garaiotan, kolektiboki aurrera eramaten dugun egitaraua eta gunea da hau. Herritarrok egiten dugu jaia. Elkartu, ongi pasatu eta gozatzeko aukera izango da aurten ere».
| Anoetako jaietan erasorik ez erantzunik gabe |
|
Anoetak badu protokoloa indarkeria matxistari aurre egiteko, eta udalak, zein eragileek adierazi dute guztion ardura dela erasoak saihesten laguntzea edo zerbait gertatukoan erantzutea. Erasoen aurkako batzorde bat osatu dute festetarako, eta batzorde horrek telefono bat martxan izango du festek irauten duten bitartean: 688 601 679. Erasotua izanez gero erabili daitezkeen beste telefono zenbakiak ere gogoratu dituzte: 112 (Larrialdiak- SOS Deiak); 943 224 411 (Gipuzkoako Larrialdiak); eta 900 840 111 (Eusko Jaurlaritza). Erasoa jasan duenari laguntzeko herritarrek zer egin dezaketen ere zerrendatu dute protokoloan: laguntza eskaini; leku lasai edo seguru batera joateko aukera eman; konfiantzazko norbaiti deitzea eskaini; bakarrik ez uztea, hala nahi ez badu; ez behartzea gertatutakoa kontatzera; eta ez epaitzea, bere erabakia errespetatzea edozein dela ere. Anoetako jaietan erasorik ez dutela onartuko berretsi dute eragileek. |
TXOSNA BATZORDEAREN EGITARAUA
- Ekainak 3, asteazkena
- 19:30. Brindisa.
- 00:00. Herriko DJak.
- Ekainak 4, osteguna
- 19:00. Zigor DZ.
- 21:00. Herri mugimenduaren aldeko afaria.
- 00:30. DJ Mtralla.
- Ekainak 5, ostirala
- Goizaldean. Argazkia eta sorpresa.
- 18:00. Bingoa.
- 00:30. DJ Naza
- Ekainak 6, larunbata
- 18:00. Gazteen kalejira.
- 23:30. Gazteen dantza.
- 00:30. Nize + DJ Uzkülüz.