Etxebizitza tasatuen behin-behineko zerrendak argitaratu dituzte

Ataria 2026ko maiatzaren 15a

Onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendak argitaratu dituzte, eta interesdunek 15 eguneko epea izango dute alegazioak aurkezteko.

Anoetako Udalak urtarrilean onartu zituen Lasarbe 14 areako lurzatian jabetza erregimenean esleituko diren 18 udal etxebizitza tasatuen deialdiaren oinarriak.

Deialdiaren aurka errekurtsoa aurkeztu zuen Elkartu elkarteak, Gipuzkoako Desgaitasun Fisikoa duten Pertsonen Federazio Koordinakundeak. Martxoaren 12an alkate dekretu bidez, errekurtsoa baiestea erabaki zuen Anoetako Udalak, eta hasierako oinarriak aldatu zituen.

Hasierako deialdian, etxebizitza tasatu bat eskuratzeko izena emateko epea martxoaren 10ean amaitu zen eta 43 izen emate egon ziren. Oinarrien aldaketari buruzko iragarkia, berriz, apirilaren 10ean argitaratu zen; maiatzaren 11n amaitu zen epea, baina inork ez zuen deialdi horretan izena eman.

Horrenbestez, udalak oinarrien 6.b atalean izena eman duten onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratu du. 36 pertsona ageri dira zerrendan, jasotako erroldatze irizpideen arabera; baztertutakoen behin-behineko zerrendan, berriz, 7 pertsona ageri dira, banan-banan adierazita baztertzeko arrazoia.

Dekretuan agertzen diren behin-behineko zerrendak udaletxeko iragarki oholean eta udalaren webgunean argitaratuko dira, eta interesdunei 15 egun balioduneko epea emango zaie helegiteak aurkezteko, edo, hala badagokio, antzemandako akatsak zuzentzeko.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!