Duela hiru urte abiatu zuen Anoetako Udalak San Isidro egunaren bueltan auzolanaren tradizioa berreskuratzeko ekimena. Aurtengo hitzordua larunbatean izango da: parte hartu nahi duten herritarrek 08:00etan elkartu beharko dute herriko plazan. Gauean, berriz, herriko baserritarrek eta auzolanean aritutakoek elkarrekin afalduko dute Kuku elkartean.
Aitzol Esnaola Ingurumen zinegotziaren esanetan, lehen sektorea sustatzeko eta auzolanaren kultura indartzeko antolatzen dute urtero ekimena. «Anoetan badago ohitura; garai batean ere egiten ziren auzolanak, eta azken hiru urteotan jendeak ondo erantzun du». Aurreko edizioetan hamabost lagun inguru elkartu izan dira.
Ibilbideen egokitzapena
2024an Lasarbe errekaren ingurua garbitu zuten auzolanean –baso eskola bertan egiten dute eta ikastolakoen laguntza izan zuten–, eta iaz bi ibilbide berri ireki zituzten. Aurten, berriz, ibilbide horiek txukundu eta seinaleztatuko dituzte. Esnaolak azaldu duenez, iaz egin zituzten lanik handienak, bide batzuk erabat sasiek hartuta baitzeuden. Aurten arinago joango zaie lana.
Ibilbide motzak Anoeta inguruko hainbat paraje zeharkatzen ditu, Isastitik eta Osintzulotik igarota; ibilbide luzeak, berriz, Villabona aldera egiten du, eta Ateaga, Basagain eta Anoetako leizeetatik pasatzen da.
Larunbateko auzolanean, herriko informazio panelak ere berrituko dituzte; plazan, kiroldegian, Osintzulon eta Isastin daude jarrita. «Panel horietan ibilbide berriei buruzko informazioa jarriko dugu: luzera, zailtasun maila eta argazkiak, besteak beste».
Anoetako Udalak jarriko ditu bideak txukuntzeko, seinaleak jartzeko eta panelak egokitzeko beharrezko erremintak. Lanak amaitutakoan, hamaiketakoa egingo dute parte hartzaileek plazan. Ondoren, 21:00etan, afaria izango dute Kuku elkartean, baserritarren eta auzolanean parte hartu dutenen artean. Baserritarrak udalaren gonbidapenarekin joango dira afarira.
Auzolanean nahiz afarian parte hartu nahi dutenek aurrez eman beharko dute izena udalean edo 656 705 324 telefono zenbakira deituta. «Lanak antolatzeko komeni da jakitea zenbat lagun izango garen; gainera, parte hartzaile guztiei asegurua egiten die udalak, eta lanak aurreratzeko balioko digu zenbat izango garen jakiteak». Hala ere, Ingurumen zinegotziak nabarmendu du ongietorria izango dela azaltzen den guztia.
2024an Lasarbe errekaren inguruak garbitu zituzteneko auzolana. ANOETAKO UDALA
'Bizitza baten txatalak' liburua aurkeztuko dute
![]() |
Onintza Enbeita Maguregi kazetariak iaz kaleratu zuen Bizitza baten txatalak. Andre bat lurrari emana'liburua. Ostiralean aurkeztuko du Anoetan, Lasarbe aretoan 18:00etatik aurrera. Bertara azaldu ezin dutenek, bigarren aukera izango dute Zizurkilgo Iriarte kultur etxean, maiatzaren 20an, ordu berean. Feli Madariagaren ahotan gure amen, amonen eta birramonen bizimodua kontatzen da liburuan. Enbeitaren esanetan baserria agertzen da bere horretan, «erromantizismorik gabe». Liburuaren harira zera dio egileak: «Baserriko lana gogorra omen da, baina lurrak bizitzeko behar izan duen guztia eman dio Feliri. Muxikako Igertu baserrira ezkondu zen, eta bizitza ederra eraiki du Julian Gabikaetxebarria senarrarekin eta bien artean izan zituzten hiru alabekin». San Isidro eguneko egitarauaren barruan antolatu dute Anoetako aurkezpena, eta Maiatza Saltsan egitasmoaren barruan, berriz, Zizurkilen. |



