Lasarbe aretoan, astearte arratsaldean egindako topaketa irekian aurkeztu zieten herritarrei Anoetako Zaintza Plana. Herri zaintzaileago bat eraikitzea da orain arte aurrera eraman duten prozesuaren helburua, eta horrekin batera, zaintza prebentiboa indartu eta zaintza komunitarioa sendotu nahi dituzte.
Lehenengo fase batean, herrian zaintzaren egoera zein zen ezagutzeko diagnostiko bat osatu zuten prozesua dinamizatzeaz arduratu den Zabalduz kooperatibaren laguntzaz. Galdetegiak zabaldu zitzaizkien herritarrei, eta herriko adineko pertsonei egindako elkarrizketen bidez, diagnostiko kualitatiboa egin ahal izan zuten. Zaintzaren errealitatea erakusten duen argazkia, analisi soziodemografikoa aztertuta eta esperientzia inspiragarriak ezagututa osatu zuten.
Bakarne Garmendia Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak azaldu duenez, Zabalduz kooperatibarekin batera, udalak osatu du Anoeta, elkar zainduz prozesuaren talde motorra. «Zaintza oso garrantzitsua da gure bizitzan, beti behar izan dugu eta behar izango dugu aurrerantzean ere», esan du zinegotziak.
Zaintza plana diseinatzea lan partekatua izan da. Horretarako ezinbestekoa izan da Zaintza Mahaiaren ekarpena. Egitura hori, herriko hainbat eragiletako ordezkarik eta norbanakok osatu dute. Periko Peñagarikano herritarrak hitz egin du mahaiko kide gisa: «Ez gaude gaiarekin kezkatuta bakarrik, gaiari heldu egin nahi diogu eta denen artean pentsatu nola zaindu nahi dugun elkar».
«Ez gaude gaiarekin kezkatuta bakarrik, gaiari heldu egin nahi diogu eta denen artean pentsatu nola zaindu nahi dugun elkar»
Periko Peñagarikano
Zaintza Mahaiko kidea
Zaintza Mahaian bildu direnek honako egitekoak izan dituzte orain arte: beharrak antzeman eta aztertzea; aurrera eraman beharreko ekintzak lehenestea; ekintzen garapenaz eta aktibazioaz arduratzea; eta planaren jarraipena egin eta ebaluatzea. Garmendiak azaldu du prozesua herritarrekin batera egin nahi dutela: «Haien beharra dugu edozer egiteko».
Asteartean egindako topaketa irekian aurkeztu zieten Zaintza Plana han bildutakoei, edo orain arte prozesuan parte hartu dutenek adierazi bezala, planaren barruan lehenetsi dituzten puntuak, behintzat. «Herritarrekin batera osatutako ekintza zerrenda bat da, beharrak ikertu ondoren, haiei erantzuteko diseinatutako bide-orri bat. Erronkak identifikatu, ekintzak proposatu, ardurak banatu eta ondoren planera eraman dira».
Bi lan-lerro
Udalaren eskumenekoak diren arreta eta gobernantza eredua hobetzeko ekintzak bereizi dituzte planean, alde batetik; eta, komunitatea indartzeko, formatzeko eta sentsibilizatzeko egin daitezkeen ekintzak zerrendatu dituzte, bestetik.
Gizarte zerbitzuen arreta eredua hobetzea eta zerbitzu horien arteko koordinazioa fintzea jarri dute lehentasunezko helburu gisa udalaren eskumeneko ekintzen barruan. Horretarako udal zerbitzuen arretaren etengabeko hobekuntzan sakontzeko, aldiro-aldiro herritarrei iritzia eskatuko zaiela jakinarazi du Nagore Amundarain gizarte langileak. Horretarako, postontzi bat jarriko dute aurki bere bulegoaren aldamenean iradokizunak jasotzeko.
Gaur egun, etxez etxeko zerbitzua, talde psikosoziala eta estimulazio taldeak dituzte martxan Anoetan, eta zerbitzu horiek ematen dituzten enpresa hornitzaileekin –eta baita Osakidetzarekin ere– koordinazioa bultzatuko dutela esan dute udal arduradunek, planean jasotakoa jarraituz. Zaintzaileak zaintzea eta herrian dauden zerbitzu eta ekimenak jasoko dituen gida sortzea ere bere gain hartu ditu udalak datozen hilabeteetarako.
Zabalduz kooperatibako kideek, aurkezpenean behin eta berriro azpimarratu zuten Anoetan sen komunitarioa mantentzen dela, eta aberastasun hori alperrik galtzen ez uzteko dei egin zieten aurkezpenera agertutakoei. Horretarako, komunitateari begirako ekintzak, udalaren laguntzarekin aurrera eraman beharrekoak, zehaztu dituzte planean.
Herria zaintzaren gaiarekin sentsibilizatu eta herritarren arteko loturak indartzen egingo dute ahalegina hemendik aurrera. Nahigabeko bakardadea saihesteko harreman sareak sustatzeko aukera aztertuko dute, adibidez, boluntario sare bat osatuta. Eta zaintzaren inguruko formazio saioak eta tailerrak antolatzen segituko dute aurrerantzean.
Dinamikoa den prozesu bat da Anoeta, elkar zainduz izenekoa, eta orain beste mugarri bat jarri dute plana herritarren aurrean aurkeztuta. Hemendik aurrera, parte hartzen jarraitu nahi dutenei hartu nahi duten konpromisoaren arabera eskaintza ezberdinak egin dizkiete prozesuaren bultzatzaileek: informazioa jasotzera mugatu daitezke; Zaintza Planean jasotako ekintzaren batean hartu dezakete parte aktiboki; edo, konpromiso maila altuagoa agertzen dutenek Zaintza Mahaiko kide izateko aukera dute.
Bidea hasi besterik ez da egin Anoetan. Zaintza eredu publiko-komunitarioan sakontzeko lehenengo urratsak emanak dituzte, eredu «bidezkoago, koordinatuago eta gizatiarragoa lortzeko» asmoan.