Zaintza Planaren aurkezpena egingo dute asteartean

Ataria 2026ko martxoaren 6a

Lasarbe aretoan 17:00etan egingo dute topaketa eta planaren inguruko azalpenak emango dituzte bertan.

Herri zaintzaileagoa izateko prozesua martxan jarri dute Anoetan eta herri hausnarketa aktibatu eta elkarlan publiko-komunitario bultzatu nahi dute. Horretarako, asteartean, martxoaren 10ean, topaketa egingo dute Lasarbe aretoan 17:00etan eta azkeneko hilabeteetan elkarrekin landu duten Zaintza Plana aurkeztuko dute.

Anoeta elkar zainduz prozesuaren barruan herritarren zaintzaren inguruan iritzia emateko aukera izango dute herritarrek azkeneko hilabeteetan. Anoetan zaintzaren inguruan dagoen errealitateari argazki bat ateratzeko balio izan zuen horrek eta abiapuntu horrekin, eta eragile eta herritarren ekarpenekin osatu dute Zaintza Plana.

Hainbat behar identifikatu dituzte planean eta hemendik aurrera egin beharreko esku hartzeak ere zehaztu dituzte. Asteartean egingo duten topaketan elkarrekin landu duten plana aurkeztuko dute. «Zaintza eguneroko bizitzan guztioi eragiten digun kontua da, familian, auzoan eta herrian; gaur ez bada bihar». Prozesuan parte hartu duten herritarrei topaketara azaltzeko eskatu diete, haien presentzia eta ekarpena garrantzitsua dela uste baitute bultzatzaileek.  

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!