Lasarben etxebizitza egokiturik aurreikusten ez dutelako helegitea jarri du Elkartuk

Ataria 2026ko otsailaren 17a

Anoetako Udalari deialdia aldatzeko eskatu dio, gutxienez mugikortasun murriztua duten pertsonentzat egokitutako etxebizitza bat txerta dadin.

Elkartu Gipuzkoako desgaitasun fisikoa duten pertsonen federazioak  helegitea aurkeztu dio Anoetan sustatutako 18 udal etxebizitzen promozioari, bertan etxebizitza egokiturik aurreikusten ez delako.

Aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu du, hain zuzen, Lasarbe 14. eremuko partzelan 18 udal etxebizitza tasatu zozketa bidez esleitzeko Anoetako Udalak egindako deialdiaren aurka, uste baitu sustapen horrek, praktikan, mugikortasun murriztua duten pertsonak kanpo uzten dituela.

Elkartuk salatzen duenez, proiektuak hainbat solairutan banatutako 18 etxebizitza aurreikusten ditu, baina ez etxebizitza egokiturik. «Horrek esan nahi du gurpildun aulkia erabiltzen duten pertsonek edo mugikortasun zailtasunak dituztenek ezin dutela baldintza berdinetan tokiko administrazioak bultzatu eta, beraz, izaera publikoko sustapen batean etxebizitza eskuratu».

Elkartuk azpimarratu duenez, Irisgarritasuna Sustatzeko legeak honako hau ezartzen du: «Babes ofizialeko etxebizitzen sustapenetan, mugikortasun urri iraunkorra duten pertsonentzat, etxebizitza bat gordeko da hogeita bost edo frakzio bakoitzeko».

Horregatik, Elkartuk Anoetako Udalari deialdia aldatzeko eskatu dio, gutxienez mugikortasun murriztua duten pertsonentzat egokitutako etxebizitza bat txerta dadin, udal etxebizitzetara benetako eta eraginkorra izango den sarbidea bermatuz, bazterkeriarik eta diskriminaziorik gabe. Era berean, argitu du irisgarritasuna oinarrizko printzipioa izan behar dela edozein etxebizitza politika publikotan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!