Lasarbe auzoko 18 udal etxebizitza tasatuak eskuratu ahal izateko zozketan parte hartzeko epea zabalik izango da bihartik martxoaren 13ra bitarte. Izen-emateak udaletxeko bulegoetan egin beharko dira. Zozketan parte hartzeko baldintza nagusien artean daude bizikidetza unitateko kideren batek azken bi urteetan Anoetako udalerrian erroldatuta egotea edo azken 10 urteetan gutxienez 5 urtez Anoetan erroldatuta egotea. Bestetik, izena eman nahi duen pertsonak gutxieneko diru sarrerak 15.000 eurokoak izan beharko ditu urtean, eta gehieneko diru sarrerak 65.000 eurokoak urtean. Gainerako baldintzak guztiak Anoeta.eus udal web orrialdean daude ikusgai.
Etxebizitza tasatu hauen zozketa dela eta, udal gobernuak azaldu nahi du udalaren eskumenetatik kanpo dauden erabakiengatik, Udal Etxebizitza Tasatuen gehienezko prezioak ikaragarri igo direla eta Anoetako udalak kezka eta atsekabea agertu nahi ditu prezio-igoera horrek Lasarbeko etxebizitza tasatuetan izandako eraginagatik.
2012an Lasarbeko etxebizitzak tasatuak proiektatu zirenean zegoen arauak dioenez, “Udal etxebizitza tasatuen gehieneko salmenta prezioa ez da inola ere izango babes sozialeko etxebizitzetarako edo erregimen orokorreko babes ofizialeko etxebizitzetarako aurreikusitako gehieneko prezioa baino 1,7 aldiz handiagoa, udal kalifikazioa lortzeko unean indarrean dagoena”.
Beraz, 2022 urtera arte Anoetako etxebizitza tasatuen gehieneko prezioa 2.420,85 euro/m2 erabilgarriko zen.
2022an Eusko Jaurlaritzak onartutako Aginduaren ondoren, aldiz, Anoetaren kasuan, 2010ean “Gainerako Udalerrien Taldean” egotetik “I.1 Eranskinera” igarotzen da, Anoeta lurralde bakoitzeko hiriburu eta hiri garrantzitsuenekin parekatuz; hala nola Hondarribia, Zarautz eta beste hainbat hirirekin.
Aldaketa honekin, egun batetik bestera, Lasarbeko etxebizitza tasatuen gehieneko prezioa 3.332,43 euro/m2 erabilgarriko izatera pasatzen da. Beraz, 80 m2 etxebizitza batek orotara 72.925 euroko igoera izan du Anoetan.
Igoera horren aurrean, udala eraikuntza enpresarekin hitz agiten aritu da salmenta prezioa egokitzeko helburuarekin, baina erabakia bere eskuetan egonik gehieneko prezioaren gainean %5eko beherapena soilik aplikatu dute. Hala ere beherapen hori aplikaturik ere ezarri diren prezioak ez dira proportzionatuak Udalaren ustetan.
Etxebizitza hauen prezioa “mugatua” izan arren, prezio altu horiek ez dute bermatzen anoetarren etxebizitza beharrari modu duin, orekatu eta proportzionatu batean aurre egitea.