Urtarrilaren 27an egin zuten lehenengo zaintza topaketa Anoeta, elkar zainduz prozesuaren barruan eta lehen fase batean herriko zaintzaren errealitatea ezagutzeko egin den lanketa partekatu zuten bertara azaldutako herritarrekin. Talde txikitan gaiak kontrastatu eta sakondu zituzten eta zaintza mahaian identifikatutako zazpi erronkak zehaztu. Martxoaren 10ean egingo dute bigarren zaintza topaketa, erronka horiek lehentasunen arabera ordenatzeko.
Anoetan abiatu duten prozesuak hiru gune nagusi ditu: Anoetako Udalak eta Zabalduz kooperatibak osatzen duten talde motorra, zeinak prozesuaren gidaritza, antolaketa eta koordinazioa bermatzen duen; zaintzaren esparruarekin lotura duten eragile eta pertsonek osatzen duten zaintza mahaia; eta, azkenik, herritarren parte hartze zuzena ahalbidetzen duen herri topaketa. Topaketa horietan lehena izan zen joan den astekoa.
Lehenengo fasearen barruan kokatzen dira orain egiten ari diren jardunaldiak, helburua baita tarte honetan herriko zaintzaren errealitatea sakon ezagutzea, eta, oinarri hori hartuta, bigarren fase batean zaintza plana adostea. Prozesuaren bultzatzaileek diote Anoetan zaintza eredu «bidezkoago, koordinatuago eta gizatiarrago bat» bermatu nahi dutela eta horretarako balioko duela herritarrekin batera orain abiatu duten bideak.
Ardura partekaturantz
Anoetako zaintzaren errealitatea ezagutzeko analisi soziodemografikoa egin dute lehenengo fasean eta datuek erakutsi dute herria azkar zahartzen ari dela: gaur egun % 21 dira 65 urtetik gorakoak, eta, hortaz, datozen urteetan 80 urtetik gorakoen taldea izango da gehien haziko dena. Datu «kezkagarria» dela diote adituek, talde horretako pertsonen heren batek mendekotasun maila aitortua izaten baitu. Azterketa egin dutenean antzeman dute bereziki gizonen artean bizi itxaropena handitzen ari dela, baina, kontrara, belaunaldi erreleboa ahuldu eta jaiotza kopurua baxua dela Anoetan.
Estatistikari erreparatzearekin batera, diagnostiko kualitatiboa ere egin nahi izan dute argazki osatua jasotzeko eta horretarako herritarren artean galdetegiak zabaldu eta haiei eta hainbat eragiletako ordezkariei elkarrizketa sakonak egin dizkiete. Denek adierazi dute behar asko ezkutuan geratzen direla eta laguntza eskatzea kosta egiten dela askotan. Gainera, eredua oraindik oso familiarra eta feminizatua dela uste dute eta zerbitzu publikoak ulertzen zailak eta konplexuak balira bezala hautematen dituzte; administrazioa «urruna eta motela» ikusten dute.
Hain zuzen pertzepzio horretatik dator zaintza mahaian identifikatutako zazpi erronketako bat: zerbitzu publikoen koordinazioa eta informazioaren argitasuna indartzea. Are gehiago, egungo eredua «hotz eta teknikoegia» dela sentitzen dute diagnostikoan parte hartu dutenek eta pertsonen erritmoa eta historia errespetatzen dituen zaintza baten beharra dagoela uste dute, harremanetan oinarritutakoa.
Gizartea zahartzen ari da eta familia sareak txikitzen, horregatik ondorioztatu dute etorkizunean zaintza ezin dela soilik familiaren esku utzi. Diagnostikoan parte hartu duten herritarrek ere nabarmendu dute, gaur egun, zaintza karga emakumeek hartzen dutela nagusiki, horrek dakarren neke, higadura fisiko eta emozionalarekin. Beraz, zaintza mahaian biltzen diren herritar eta eragileek argi dute beharrezkoa dela zaintzaren ardura komunitate osoarekin partekatzea, administrazioa eta auzo sareak inplikatuz. Norabide horretan zaintza sareak tresna egoki bezala ikusten dituzte baliabideak eta erantzukizunak partekatzeko.
Zaintza eredu publiko-komunitario baten aldeko adostasun zabala dute herritarrek, horrela jaso dute zaintza mahaian, eta joan den asteko topaketan ere hori bera berretsi dute parte hartzaileek. Udalak argi du haien elkarlana ezinbestekoa izango dela Anoetan zaintza plana osatu, ekintzak zehaztu eta pertsona guztien ongizatea bermatzeko. Datorren zaintza topaketan jarraituko dute hausnartzen.