Gipuzkoako odol emaileen elkartea 1964. urtean sortu zen. Jon Otegi anoetarrak aipatu duenez, odola ematearen beharraren kontzientzia pixkana handituz joan da, eta geroz eta gehiago dira odola ematen duten herritarrak. Urteetan zehar bilakaera handia izan dela kontatu du. «Hasieran familia artean egiten zen, hau da, familiako kideren batek odola behar bazuen, orduan ematen zen, eta gainera ordainduta izaten zen». Gaur egun, berriz, odola ematea zerbait altruista dela dio.
Kopuruari begira ere, jauzi handia eman da. «Pentsa, hasieran 200 dohaintza izaten ziren urtean, eta gaur egun, 30.000 inguru izaten dira». Odol emaileen elkarteak joera hori mantendu nahi du, eta horretarako belaunaldi arteko ordezkapena beharrezkoa dela esan du Otegik. «Jende gaztea erakarri nahi dugu odola ematera».
Izan ere, beharra urteko egun guztietan izaten dela nabarmendu du, eta edonork izan dezakeela uneren batean behar hori. «Gainera, kontuan hartu behar da odola ezin dela laborategi batean sortu, beraz, derrigor, odol emaileen beharra dago».
Otegik 25 aldiz eman du odola, eta horregatik Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak ohorezko odol emaileen artean sartu eta zilarrezko intsignia eman dio. Bere herriaren, Anoetaren kasuan, 104 odol emate izan dira 2025ean, eta horietatik 9 izan dira berriak, hau da, lehen aldiz eman dutenak. Otsailaren 2an egingo dute hurrengo odol ematea, 16:30etik 20:30era, gaztelekuan.