Patinete eta piper pikante txapelketak egun osoko jaialdian

Ataria 2026ko urtarrilaren 15a

Anoeta Sutan egitasmoa antolatu dute herriko plazan larunbaterako. Goi mailako patinatzaileak izango dira eta ikusgarritasuna ziurtatuta izango dela diote antolatzaileek.

Egun osoko jaialdia antolatu dute Anoetan larunbaterako: lehia, ikusgarritasuna, patineteak, piper minak eta festa nahastuta sortu dute Anoeta Sutan egitasmoa. Gorka Lasa irurarra eta Ibai Martin nafarra dira antolatzaileak, Anoetako Pimina ekoizlearekin batera. «Urtarrilaren 17a Pikantearen Nazioarteko Eguna da eta Piminako arduradunak esan zigun piper pikanteak jateko txapelketa bat antolatu nahi zuela, eta horren osagarri ea guk haurrentzako patinete tailer bat antolatuko genuen galdetu zigun», esan du Lasak. «Herriko biltegitik materialak hartu eta guk moldatzeko aukera izango genuela esan zigun, moduluak sartu eta horien gainean patinatzeko. Azkenean, haurrentzako tailertxo bat egitetik ekitaldi erraldoi bat izatera bihurtu da».

Ekitaldiak Anoetako plazan egingo dira, eta eguraldiak ez badu laguntzen pilotalekuan egingo dira. 11:00etan hasiko da egitaraua, DIY saio irekiarekin. Bertan Lasak eta Martinek herriko biltegiko materiala erabiliz diseinatutako moduluak erabiliko dira patinatzeko. Patinetearekin, patinekin eta skatearekin aritzeko aukera izango du nahi duenak. 13:00etan hasiko da haurrentzako tailerra, ordubetez, Lasak eta Martinek koordinatuta.

Arratsaldean, 15:30etik 19:30era patinete edo scooter txapelketa egingo da. Goi mailako parte hartzaileak izango dira, tartean Espainiako Txapelketako irabazlea den Alex Gonga errenteriarra. «Oso ikusgarria izango da», esan du Lasak. «Hainbat modulutan trukuak egingo dituzte, eta kotxe bat ere izango da bere gainean patinatzeko». 20:00etan Piperminen Txapelketa egingo dute. «Piminakoak munduko piper minenak landatzen ditu, eta horiek erabiliko dira txapelketarako. Oso berezia izango da».

Jateko zein edateko postuak ere izango dira, eta DJak ariko dira musika jartzen egunean zehar. Behin 21:00etatik aurrera, musika saioak izango dira Txili Piparrekin, eta Bando eta Verbrothers DJekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!