Aurrera urratsak eman dituzte zaintza planaren diseinuan

Ataria 2025eko abenduaren 19a

Hurrengo zaintza topaketa urtarrilaren 27an egingo dute Lasarbe aretoan.

Anoetako Udalak zaintza-plana lantzen ari da, gaur egungo herriko zaintza egoera aztertu eta kudeaketarako bide orria osatzeko. Zabalduz izeneko enpresarekin elkarlanean ari dira prozesua gidatzen.

Lehenengo fasean, maiatz aldera, Anoetako zaintza diagnostikoa egin eta egitasmoaren oinarriak jarri zituzten, eta horrekin batera, ildo nagusiak zehaztu zituzten.

Prozesu parte hartzailea izango da hemendik aurrerakoa eta bertan arituko dira herriko hainbat eragile eta norbanako, aurretik zaintzaren inguruko mahaian parte hartu dutenak. Anoetan elkar zainduz prozesuan eragile publiko zein pribatuek hartu dute parte.

Aurrera begira, 2026an, bi zaintza topaketa antolatu dituzte. Lehenengo saioaren data aurreratu dute dagoeneko: urtarrilaren 27an Lasarbe aretoan bilduko dira 17:00etan. Udalak herritarrak gonbidatu ditu bileran parte hartzera.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!