Argiberri, Anoetako tokiko energia komunitatea eratu da

Ataria 2025eko abenduaren 19a

Irailetik hona energia komunitate bat sortzeko prozesua dinamizatu du Anoetako Udalak. 30 bazkiderekin osatu dute Argiberri.

Argiberri sortu dute Anoetan, herriko energia komunitatea kudeatuko duen elkartea. Irailetik hona, komunitatea sortzeko prozesua dinamizatu du Anoetako Udalak.

Abenduaren 18an egindako batzarrean elkartea eratu eta zuzendaritza batzordea onetsi zuten. Argiberri bere kabuz funtzionatzen hasi da eta, gaur gaurkoz, 30 bazkidek osatzen dute; 28 herritarrek eta bi eragilek, Anoetako Herri Ikastolak eta Anoetako Udalak.

Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean, Anoetako Udalak utzitako bi estalkietan instalazio fotovoltaikoak jartzeko proiektuarekin abiatu da elkartea eta, aurrera begira ere, bazkide berriei irekita egongo da proiektua.

«Jarrai dezagun komunitate ikuspegia ardatz eta energiaren kudeaketa arduratsua oinarri, denon artean Anoeta eraikitzen», esan dute elkarteko arduradunek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!