Aspek ez du Xabier Tolosaren kontratua luzatuko

Ataria 2025eko abenduaren 16a

Anoetako atzelariak 482 partida jokatu ditu, eta bi urtez jarraian B Serieko bikoteen txapela lortu zuen 2015 eta 2016 urteetan.

Aspek jakinarazi du ez duela Xabier Tolosa pilotariaren kontratua berrituko, Eibarko enpresan hamabi urte eman ondoren. Aspek Anoetako atzelariak egindako ibilbidea eskertu du. Tolosak 2013ko abenduaren 20an egin zuen debuta Beotibarren, Jaunarenarekin batera, Aritz Lasaren eta Pascualen aurka. Ordutik 482 partida jokatu ditu, eta bi urtez jarraian B Serieko Binakakoaren txapela lortu zuen, 2015ean eta 2016an. Eskumuturreko lesio baten ondorioz sei hilabetez geldirik egon behar izan du anoetarrak. Azken partida abuztuaren 1ean jokatu zuen Altsasun, Serie Bko Udako Masters Txapelketan.  

Tolosak, bere aldetik, eskerrak eman nahi izan dizkio publikoki Asperi urte hauetan jasotako tratuagatik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!