Anoetako Udalak indarkeri matxistari aurre egiteko udal protokoloa sinatu du eragile sozial eta instituzionalekin batera. Hemendik aurrera indarkeriari aurre egin nahi dioten emakumeen eskura egongo da baliabide eta baldintza egokiak bermatzen dituen koordinaziorako protokoloa.
2019an Anoetako Udalak giza eskubideak urratzen dituen arazo estruktural honi arduraz erantzuteko protokoloa diseinari ekin zion Farapi kooperatiba elkartearen laguntzaz. Hurrengo urtean, ordea, Covid-a dela eta etena egin behar izan zuten, eta osasun egoera berezia zela eta, ezin izan zuten diseinuan parte hartu Ertzaintzako eta Anoetako zein Tolosako osasun zentroetako ordezkariek.
Herri mailan, ordea, eragile sozialekin lanketa «oso aberatsa» egin zutela nabarmendu dute Anoetako Udaletik eta protokoloaren jarraipenerako Adi eta So! mahaia sortu zuten. Udal ordezkari politiko eta teknikoekin batera, Anoetako Herri Ikastolako eta herriko talde feministako kideek hartzen dute parte.
Logotipoa du Adi eta So! mahaitik eta urtean gutxienez bi alditan elkartzen da –herriko festen aurretik eta urtea amaitu aurretik–; herrian eraso matxistaren bat gertatuz gero edo herritar batek beste nonbait erasoren bat jasanez gero ere biltzen da mahaia, hain zuzen, eman beharreko urratsak aztertzeko.
Arlo sozialean bideratua zegoen lana osatu dute orain Anoetan arlo instituzionaleko eragileekin batera, eta orain sinatu dute protokoloa. Urtean bitan bilduko da , gutxienez, mahai instituzional hori protokoloaren jarraipena egiteko.
Anoetako Udalaren esanetan indarkeria matxista da gaur egungo gizarteak duen arazorik «lazgarrienetako» bat. «Arazo politiko, ekonomiko eta soziala da, emakume guztiak erasotzen dituena, izaera soziala, adina, estatusa, erlijio, hizkuntza eta nazionalitatea edozein dela ere». Horregatik sinatu du publikoki indarkeri matxistari aurre egiteko udal protokoloa.