Hogei urte baino gehiago daramatza Anoetako Gurdi dendak zabalik. Euskal Herriko Nekazarien Elkartasunaren (EHNE) proiektua da, eta zentzu horretan, produktuak saltzetik haragoko zerbitzua ematen die baserritarrei. Garikoitz Nazabal EHNE Gipuzkoako presidenteak (Zaldibia, 1984) azaldu ditu nondik norakoak.
Nola definituko zenuke denda?
Duela hogei urte sortu zen. Sektorearen errealitatea asko aldatu da ordutik, eta produktuen salmentan ere gorabehera asko izan dira; baserritarren egunerokoa aldatzen den heinean aldatzen da denda ere. Bereziki lantzen ditugu sektorearentzat ardatzak diren produktuak; azken urteetan lanketa berezia egin dugu, adibidez, medikamentuekin. Azken boladan asko gogortu da arautegia, eta produktua saltzetik harago egoerara egokitzen laguntzen diogu bezeroari. Kalitatezko zerbitzua ematen saiatzen gara, eta hor sartzen da gaurkotasuna estu jarraitzea eta eguneraketak baserritarrekin lantzea. Garaiaren arabera produktuak ere lantzen ditugu: belar haziak, bolak biltzeko plastikoak... Baserritarrentzat funtsezkoak direnak ahalik eta irisgarritasun onenarekin ematen saiatzen gara.
Zein produktu eskaintzen dituzue?
Sektorera zuzendutako produktu zehatzak izaten ditugu eskura. Lan bolumen txikia duten baserritarrek askotan ez dute izaten harreman zuzenik komertzialen eskutik; bada, hutsune hori betetzea da gure indargunea. Horretan diskriminaziorik ez egoten ahalegintzen gara. Inguruko baserritarrek duten izaera dute, eta hemen dagoen handiena ere, proportzioan, txikia da. Bada, horiei kalitatezko zerbitzua ematea da gure indarguneetako bat. Enpatiaz jokatzen ere saiatzen gara errealitate horiekiko, beti asmatzen ez badugu ere. Eskura askotariko produktuak jartzen ditugu, leku bakarrean erosketa osatu bat egin ahal izan dezaten. Garaiaren zein lan motaren arabera ere egokitzen gara. Adibidez, garbigarriak saltzen ditugu leunetatik gogorretara. Abaniko zabal hori eskaintzen saiatzen gara. Eta horretan jendearekin lantzen dugu araudia ere: askok ez baitakite zenbait produktu erosteko txartel fitosanitarioa behar denik ere.
Zergatik da zuentzat beharrezkoa lan hori?
Sektorearen burokratizazioaz hitz egiten dugunean horretaz ari gara. Gaur egun jarduera koxkor bat duenak ere sekulako betebehar pila ditu; eta askotan ez dira agiriak, baizik eta ziurtatu beharreko ezaugarriak. Hemen lan egiteko arlo askotan espezializatzea eskatzen da, eta horretan laguntzeko gure hondar alea jartzen saiatzen gara.
Esperientzia da zuen beste indargune bat.
Urte hauetan sektorea ikaragarri aldatu da. Bezero mota eta lehia ere aldatu dira. Gu saiatzen gara dinamismo bat izaten: izan produktuekin, hornitzaileekin... Beharrak aldatzen diren heinean zerbitzua egokitzen saiatzen gara. Proiektuaren bideragarritasuna, kalitatea... Dena hartu behar da kontuan. Eta, jakina, baita bezeroaren egoera ere. Sektorea barrutik ezagutzen dugu, eta hori da abantaila handietako bat. Hala ere, une oro jarraitu behar dugu sektorearen eta bezeroaren beharrak identifikatzen eta horiek asetzen.
Ez da, hala ere, nolanahiko denda bat.
Proiektuaren sorreran merkatua erregulatzea zen helburuetako bat; edo, behintzat, araubide edo praktika batzuk adostea. Horrek haserre handiak eragin zituen, eta botiketan sentitu dugu, batik bat, hori. Gurdik egin duen lanak ekarri du, hein batean, muga moduko batzuk ezartzea beste hornitzaile batzuekin. Denda baten helburua negozioa egitea izan beharko luke, eta gure kasuan hor dago ezberdintasuna: baserritar elkarte baten proiektua dela; eta, zentzu horretan, balioak ere beste batzuk direla. Ardatza sindikatua bera da, eta hori du izateko arrazoia ere. Sindikatuaren ingurua zenbat eta landuago izan, orduan eta hobeto bermatu ahal izango dugu sektorearentzat garrantzitsuak diren zenbait zerbitzu ematea. Produktu bat erostetik harago doazen beharrak asetzea da kontua. Baserritarren egunerokoa hobetzeko helburuz askotariko zerbitzuak eskaintzen ditugu, hala nola, aseguruak, ingeniari agronomoak eta abokatuak.
Saltoki izatetik haragoko proiektua dela Gurdi aipatu duzu.
Gurdi ez da elkar laguntzeko hanka bakarra. Hortik harago badira beste zerbitzu batzuk ere: izan burokraziaren ingurukoak, jakien banaketari buruzkoak eta gehiago. Jendeak norabide hori ere kontuan hartu behar du. Elkartu, hausnartu, eztabaidatu... Eta horren araberako ildoak markatzen saiatzea gero eta beharrezkoagoa da, arazoak areagotzen diren heinean.
Zein dira emaitzak?
Haragiaren ekoizpena Euskal Herrian kinka larrian dago. Prezioa igotzen ez den horretan, adibidez, gastuak kubritzeko Eusko Jaurlaritzak duela bi urte diru laguntza lerro bat jartzea lortu zen. Horren atzean lanketa bat egon zen. Kasu batzuetan diplomaziatik, eta beste batzuetan mobilizazioetatik. Lan horri ere garrantzia aitortu behar diogu. Zuzeneko zerbitzuak dira batzuk —denda, kasurako— eta etxeko fakturan zeharka eragiten duten lanak, beste batzuk. Sindikatuaren lanaren garrantzia hor ikus-ten da; eta bietan da garrantzitsua.