Pilota izan da azokako protagonista

Leyre Carrasco 2025eko urriaren 12a

Pilota ardatz hartuta antolatu dute aurtengo Euskal Jaiaren egitaraua Anoetan, eta goizean egin duten azokan ere izan du presentzia; Zimiterioan jokoak egin dituzte, Otero pilotagilea aritu da pilotak egiten eta txistera egiten bost belaunaldi daramatzan Baionako Gonzalez Chistera familiakoak egon dira azalpenak ematen, besteak beste. 

Euskal Jaietako azken eguna ari dira ospatzen Anoetan, eta goizean, azoka eguna izan dute. Euskal pilota ardatz hartuta antolatu dute aurtengo egitaraua eta goizean antolatu duten azokan ere protagonista izan da. Horren bueltan jokoak egin dituzte Zimiterioan. Botarria jarri eta haren gainean pilotari botea emanda paretan jarri duten txapan asmatu behar izan dute parte hartzaileek. Umeak saiatu dira aurrena eta helduak ondoren. Sariak ere izan dira irabazleentzat. 

Aurten ere garaiko ekoizpen ekologikoko elikagai postuez gozatzeko aukera izan da, eta Anoetako eta Tolosaldeko ekoizleek presentzia nabarmena izan dute. Baina postu guztien artean nabarmentzekoak dira pilotaren presentzia izan dutenak; batetik, Otero pilotagilea aritu da pilotak egiten, eta bestetik, txistera egiten bost belaunaldi daramatzan Baionako Gonzalez Chistera familiakoak egon dira azalpenak ematen. Eskaintza horren artean ATARIAko material berria egon da salgai.

Eguerdian, Oibarko Mendiko upategiko ardoa dastatzeko aukera izan da txekor pintxoekin batera. Horrez gainera, txekorra izan da frontoian egin duten bazkariko menu nagusia. Piper budinarekin eta euskal pastelarekin osatu dute jatekoa; menu begetarianoa ere izan da aukeran.

Arratsaldean festak ez du etenik izango. Bote-luze erakustaldia egingo dute herriko bi plazak baliatuta, 18:00etatik aurrera. Lehen taldean, Amaia Alday, Ainhoa Ruiz de Infante, Andoni Urbieta eta Xabier Urbieta ariko dira; eta bigarrenean, berriz, Olatz Arrizabalaga, Laia Salsamendi, Iñaki Esnal eta Jon Urbieta. Horren ostean, Gari eta Iñakirekin erromeria izango da, eta bitartean, Anoetako talogileen postuan mokadu baterako aukera izango da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!