Pilotan ardaztuta, Euskal Jaia egingo dute Anoetan etzi hasita

Ataria 2025eko urriaren 8a

Euskal naziotasunaren eta elikadura burujabetzaren aldeko aldarriak izango dira nagusi asteburuan. Igandeko azokan 33 postu jarriko dituzte, elikagai eta artisau produktuekin.

Euskal Herriaren lurraldetasuna, hizkuntza, kultura eta elikadura burujabetza aintzat hartuta Euskal Jaia egingo dute Anoetan, urriaren 10etik 12ra. Euskal pilota aukeratu dute aurten gaitzat eta asteburuan egingo dituzten ekitaldiekin ezagutzera eman nahi dituzte egungo pilota modalitateak eta baita haietan erabiltzen diren erremintak ere.

«Belaunaldiz belaunaldi tradizioz transmititu den kultur ondarea da eta gure hainbat herrikidek emaitza bikainak lortu dituzte pilotan», esan dute Euskal Jai batzordeko kideek. Maria Antonia Uzkudun, Martin, Agustin eta Igor Odriozola, Tomax Agirre eta Juantxo Mujika, Xabier Arregi, Juanito Mujika eta Iñaki Haranburu, Juan Karlos Otero, Maider Mendizabal eta Xabier Tolosa aipatu dituzte adibidetzat. Eta bide batez, azpimarratu dute haur eta gaztetxoak esku pilotara gerturatzeko herrian Kuku elkarteak egiten duen lana. 

Honenbestez, pilota ardatz hartuta antolatu dute aurtengo Euskal Jaiaren egitaraua. Ostiralean, esate baterako, Irakin pilotak egiteko eta dastatzeko tailerra izango dute gaztetxoek. Biharamunean, Otero pilotagileak Zimeterioan «egiazko» pilotak egiteko tailerra emango du, eta, ondoren, Behar Zana pilota elkartekoek hainbat pilota modalitate probatzeko aukera emango diete frontoira joaten direnei.  

Dena den, igande arratsalderako gorde dute ekitaldi bereziena. Bote-luze erakustaldia egingo dute herriko bi plazak baliatuta. Lehen taldean, Amaia Alday, Ainhoa Ruiz de Infante, Andoni Urbieta eta Xabier Urbieta ariko dira; eta bigarrenean, berriz, Olatz Arrizabalaga, Laia Salsamendi, Iñaki Esnal eta Jon Urbieta. «Berezia izango da; laxoarekin batera, bote-luzea da euskal pilotaren modalitate zaharrena eta guk dakigula ez da behin ere horrelako erakustaldirik egin Anoetan». Igandean, 18:00etan hasiko dira partidak.

Igandeko azokan ere presentzia izango du euskal pilotak erdiko postuan: alde batetik, Otero pilotagilea ariko da pilotak egiten; eta bestetik, txistera egiten bost belaunaldi daramatzan Baionako Gonzalez Chistera familiakoak egongo dira azalpenak ematen. 

Agroekologikoa oinarri

Erdiko postuez gain, aurten ere garaiko ekoizpen ekologikoko elikagai postuez gozatzeko aukera izango da igandean 10:00etatik 14:00etara. Aurten ere, azoka antolatzeko elikadura burujabetza eta agroekologia hartu dituzte oinarri: «Ziurtagiri ekologikodunak edo bide horretan urratsak ematen ari diren ekoizleak etorriko dira. Ez dituzte pestizidak eta transgenikoak erabiltzen. Balioetsi egiten dugu egiten duten ahalegina tokiko ekoizpena indartu eta elikadura herrikoi eta iraunkorra bultzatzeko; elikadura osasuntsua eta kalitatezkoa bermatzen digute herritarroi, eta ingurunea zaintzen dute». 

Ekoizpen ereduaz gogoeta egitearekin batera, postuak esleitzerako orduan bestelako irizpideak ere hartu dituztela kontuan azaldu dute batzordekideek. «Ekoizleak zein artisauak euskal hiztunak izatea garrantzitsua da guretzat. Euskal Herria askotarikoa da eta azokan ere askotariko produktuak egongo dira, lurralde guztietakoak, kulturalki errotutakoak eta baita berritzaileak ere». 33 postu izango dira guztira.

Anoetako eta Tolosaldeko ekoizleek presentzia nabarmena izango dute igandean: Anoetako Artamugarri eta Sarobeko barazkiak eta Irakineko janari prestatua izango dira azokan; Tolosako Ibairen eztia; Amezketako Eguzkileireren ogia eta gozoak; eta, lehen aldiz, Aralarekoko moxal haragia. 

Artisauen artean, gertukoak diren Aroa Colas, Inge Artola, Asier Iraola eta Bidatz Sasian izango dira igandeko azokan, besteak beste. Kosmetika naturala, ukenduak, bitxiak, larruzko oinetakoak, arropak, liburuak, poltsak, karterak eta motxilak jarriko dituzte ikusgai eta salgai. Euskal Jai batzordeko kideen iritzian salmenta onak izaten dituzte ekoizleek azokan eta horretara animatu nahi dituzte herritarrak: «Ez soilik ikusmiran, egin ditzatela erosketak bertan».

Jai giroa asteburuan

Poltsa berrerabilgarria hartu eta euskal jantziekin joateko deia egin dute antolatzaileek. «Hispanitate eguna da igandekoa eta egun horren inguruan antolatzen dugu jaia, gurea euskal nazioa dela eta eskubide guztien jabe izan nahi dugula aldarrikatzeko». 

Aurtengo gaia pilota izanik, igandean, 11:30etik aurrera Zimiterioan jokoa egingo dute. Botarria jarri eta haren gainean pilotari botea emanda paretan jarriko duten txapan asmatu beharko dute parte hartzaileek. Umeak saiatuko dira aurrena eta helduak ondoren. Sariak ere izango dira irabazleentzat. 

Eguerdian, Oibarko Mendiko upategiko ardoa dastatzeko aukera izango da txekor pintxoekin batera. Hain zuzen, txekorra izango da frontoian egingo duten bazkarirako menu nagusia. Piper budinarekin eta euskal pastelarekin osatuko dute jatekoa; menu begetarianoa ere izango da aukeran. 240 pertsonak erosi dute bazkarirako txartela dagoeneko.

Aldarrikapena eta jaia uztartuko dituzte asteburuan. Festa giroa azoka bezperan hasiko da, larunbat arratsaldean, Galbahe taldeak eskainiko duen emanaldiarekin. Igandeko eguna amaitzeko, bote-luze erakustaldiaren ondoren, Gari eta Iñakirekin erromeria izango da, eta, ohi bezala, Anoetako talogileek postua jarriko dute plazan.

ANOETAKO XVIII. EUSKAL JAIA

  • Urriak 10, ostirala
    • 18:00. Irakin pilotak egiteko eta dastatzeko tailerra haurrentzat.
  • Urriak 11, larunbata
    • 16:00. Pilotak egiteko tailerra Zimiterioan Otero pilotagilearen eskutik.
    • 18:00. Hainbat pilota modalitate probatzeko aukera frontoian, Behar Zana pilota elkartearen eskutik.
    • 19:30. Kontzertua Galbahe taldearekin.
  • Urriak 12, igandea
    • 10:00. Baserritarren eta artisauen azoka. Dultzaineroak eta Loatzoko trikitilariekin.
    • 11:30. Txapa-joka jokua. Umeena hasieran eta helduena ondoren.
    • 12:00. Ardo dastaketa Mendiko upategiaren eskutik. Txekor pintxoak salgai.
    • 14:00. Bazkaria. Platerak eta tresnak etxetik eraman beharko ditu norberak.
    • 18:00. Bote-luze erakustaldia plazan.
    • Ondoren. Gari eta Iñakirekin Erromeria.
    • Bitartean. Anoetako talogileen postua.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!