Pertsona bat beste batez arduratzea eta hari, bere hezkuntzaren eta ongizatearen alde, arreta eta laguntza eskaintzea da zaintza. Guztiok behar dugu, gure bizitzako uneren batean; gure egunerokotasunaren parte da. Zaintza jarduera pertsonala da, baita elkartasunezkoa ere, enpatia eta ulermena eskatzen dituelako, eta, azkenean, zaintzailearen eta zainduaren artean intimitatea eta afektibitatea garatzen dituelako.
Jarduera ekonomikoa ere bada, zaintzeko behar den denborak, ahaleginak eta lanak balioa duelako; gehienetan, ordea, ezkutuan geratzen da balio hori, eta gutxietsi egiten da. Horregatik, zaintzaren aitortza ezinbesteko baldintzatzat hartzen da. Zaintza gizarteko alor guztietan izaten da, baina hiru eremu nabarmentzen dira: haurrak, adinekoak eta ezinduak.
Azken urteetan, asko dira zaintzaren balioa indartu duten arrazoiak: jaiotza kopuruak jaisteak, bizi-itxaropena luzatzeak zein zahartze-tasa altuak eragindako bilakaera demografikoa, komunitateko loturen galera, bakardaderako joera orokortua edo familia ereduaren eraldaketa, besteak beste. Adituen ustez, arrazoi horiek eta gehiagok, «gizartea zaintzen krisian murgiltzea» eragin dute.
Herritar askok ezin diete dituzten zaintza beharrei erantzun. Hori dela eta, adituen iritziz «ezinbestekoa» da herri bezala zaintza eredu berri baten inguruan hausnartu eta zaintzen eraldaketarako prozesu bat abiatzea, komunitatea, erakunde publikoak eta eragileak saretu, eta elkarrekin norabide berean jarriko dituen prozesua, alegia.
Anoetan, prozesu horren lehen urratsa eman nahi dute. Horretarako, Anoeta, elkar zainduz proiektua jarri dute martxan udalak eta Zabalduz Gizarte Ekimeneko Kooperatibak, elkarlanean. Zer behar dugu Anoetan zainduta sentitzeko? Zer ekarpen egin dezakegu komunitate eta bizilagun gisa, gure inguruko pertsonak zaintzeko? Nola egin nahi dugu aurrera zaintza erdigunean jarriko duen herri baterantz? Galdera horien eta gehiagoren erantzunak topatu nahi dituzte udalak eta Zabalduz kooperatibak, Anoetako Zaintza Sarea osatzeko.
Egoitz Luisa alkateak herritar gehienen asmoa nahiz horrek izan dezakeen eragina ekarri nahi izan ditu gogora: «Gehienok gure herrian zahartu nahi dugu, gure etxean, gure jendearekin, bizitza duina bizi eta gure herriaren parte sentitu. Baina, zainketak behar ditugun heinean, hori ez da erraza izaten. Hainbat behar eta egoera sortzen dira, eta horrek zaildu egiten digu gure bizi-proiektuari jarraipena ematea».
Erdigunean jartzeko, eraldatu beharra
Udalak esan du, egitasmoak, zaintzak duen garrantziaz sentsibilizatzeaz gain, zaintzaileek egiten duten lana nabarmendu eta zainduak direnak modu duinean eta pertsonalizatuagoan zaintzea ahalbidetuko duela. «Zaintzea eta zaindua izatea, balio soziala izateaz gain, agerikoa, miresgarria eta aitortua ere izan behar da», azaldu du Luisak.
Zaintzen eraldaketa prozesua gidatuko duen lankidetzazko gobernantza eredu berria da zaintza sarea, hau da, herri, auzo edo komunitate bateko kide guztien parte hartzearekin osatzen da. Askotariko beharrak dituzten pertsonak barne hartzen ditu, guztiak ere, eskubide osoko herritar modura. «Zaintza erdigunean jarriko duen herri zaintzaile bat nahi badugu, nahitaezkoa da gaur egungo zaintzen gaineko ulerkera eta antolaketa zalantzan jartzea, erantzukizuna partekatzea eta bakoitzak beretik konpromisoak hartzea. Horrela bakarrik gauzatu daiteke benetako eraldaketa», nabarmendu du alkateak.
Hiruna lan lerro eta fase
Oraingoz, parte hartze prozesu bat jarri dute martxan. Beharren diagnostikoa egiteaz gain, datozen urteetarako ibilbide-orria diseinatuko dute. «Anoetako pertsona, eragile eta erakunde guztiek izango dute prozesuan parte hartzeko aukera», esan du Luisak.
Hiru lan lerrotan gauzatuko dute prozesua. Batetik, proiektuaren koordinazio orokorra eta lankidetzazko gobernantza eredua definitu eta dinamizatuko dute. Hala, zaintzen inguruan zeresana duten herritar, eragile sozial, erakunde publiko eta entitateak artikulatuko dituen zaintza sarea martxan jarriko dute, eta sare hori gorpuztuko duten hiru parte hartze espazio sortuko dituzte: talde motorra, zaintza mahaia eta zaintza topaketak. Bestetik, errealitatearen diagnostikoa gauzatuko dute, hau da, diagnostiko kualitatiboa. Azkenik, Zaintza Plana eraikitzen hasiko da udala.
Aipatutako prozesua hiru fasetan banatuko du udalak. Lehenik, zaintzen ulerkera eta antolaketaren inguruko ikuspegi eta diagnostiko partekatu bat sortzeko, herri hausnarketa bat bultzatuko du. «Ahalik eta eragile eta herritar gehienek parte hartzea nahi dugu, eta abiapuntu amankomun bat ezartzeaz gain, herri mailako beharrak, elkarlan aukerak, ahuleziak eta aukerak identifikatzeko ere balioko du», esan du alkateak.
Behin hausnarketa prozesua amaituta, herritarrekin partekatuko dute, eta zaintza topaketa irekietan inguruko esperientzia iradokitzaileak plazaratuko dituzte. Azkenik, zaintza planaren diseinurako prozesu bat garatuko du udalak, zaintza ereduaren eraldaketarako bide-orri partekatua elkarrekin marraztu eta martxan jartzeko. Hau ere herritarrekin partekatuko dute topaketa irekietan.
Galdetegia, martxan
Bada, aipatutako lehen faserako, galdetegi bat prestatu eta etxez etxe banatu dute, herritar orok bete dezan. Hogeita bat galderaz osatuta dago, eta anoetarrek urriaren 31ra bitarte erantzun ditzakete. Behin galdetegia beteta, epe horren barruan, udaletxean, anbulatorioan, kiroldegian edo farmazian utziko dituzten kutxatxoetan sartu beharko dute.