2024-2027 legealdi erdia

«Erabat irekita gaude herritarren proposamenetara»

Jon Miranda Labaien 2025eko urriaren 1a

Agintaldi hasieran herritarrei aurkeztu zitzaien lau urteetarako plangintzaren zati bat bete dutela dio. Gardentasuna eta parte hartzea sustatzeko ahaleginean dabil udal gobernu taldea.

Gogotsu sartu zen udalean Egoitz Luisa Urkola (Anoeta, 1983) eta kemenez jarraitzen du, nahiz eta aitortzen duen frustrazioa eragiten diola, euren borondatetik kanpoko arrazoiengatik, legealdiko plangintzan jasotako proiektuetako asko geldirik ikusteak. Hutsune horiek betetzen jartzen duen indarra beste zenbait esparrutan erabiltzea gustatuko litzaioke legealdiaren bigarren zatian.

Zenbateraino bete duzue agintaldi hasieran osatu zenuten plangintza?

Betetze maila nahikoa altua da. Kontuan hartu behar da aurreikusi genituen egitasmoez aparte, egunerokotasunean beste hainbat gai atera zaizkigula bidera eta horiei ere erantzun diegula. Udalean sartu ginenean agintaldi osorako plangintza bat aurkeztu genien herritarrei, erakutsi nahi genielako talde honek bazeuzkala proiektuak. Ari gara, kontentu gaude, baina proiektu zehatzetatik harago, azpimarra egin nahi dut egiteko moduan: herritarrekin harremanetan jarriz, eztabaidatuz eta gaiak adostuz atera ditugu gauzak aurrera.

Aurrez espero ez zenituen mugak topatu dituzu udal barruan?

Bai. Geroz eta prozedura luzeagoak eta astunagoak dira udal barrukoak, geroz eta burokratizatuagoa dago administrazioa. Gainera, hilabete askotan zenbait udal postu hutsik eduki ditugu eta horrek are gehiago geldotu du martxa. Aldunditik eta Eusko Jaurlaritzatik ez zaigu soluziorik ematen eta hori kezkagarria da, idazkari gabeko udal batean, adibidez, zaila baita ezer aurrera ateratzea. Zenbait garaitan ez gara gai nahi genukeena bezain azkar erantzuteko eta horrek herritarren haserrea pizten du. Herritarren haserrea eta gure etsipena. 

Inoiz damutu zara alkate kargua hartu izanaz?

Ez, ez. Ezina sortzen digu herritarrei erantzuteko gai ez izateak, baina hala ere hemen herritarrei laguntzeko sartu ginen eta herri hobeago bat eraikitzeko; horretan ez dugu etsiko. Gure onena emateko gaude eta onean eta txarrean herritarrei beharrezko azalpenak emango dizkiegu. Harro nago nire lanaz eta nire taldeak egindakoaz. Kontzientzia lasai eta helburuak argi ditugu.

Herriko auzoak zaharberritzeko egitasmoa noiz hasiko duzue?

Gure asmoa da zaharberritze proiektuen esleipenak aurten martxan jartzea. Determinazio erabatekoa dugu, herriko auzo guztiak aldi berean garatzea da gure borondatea, bakar bat ere ez uztea atzean. Anoetako hainbat auzok egokitzapena behar dute irisgarritasunari eta oinezkoen segurtasunari dagokionez. Bi auzotan hasi nahi ditugu lanak: Isasti, Hozpel eta Etxaburun; eta Errotaldean. Lan konplexuak dira eta denbora pasako da dena bukatzeko. Obrak ez dira bi urtetan amaituko, baina martxan utziko ditugu behintzat.

Hirigintza arloan zein beste lan azpimarratuko zenuke?

Tren geltokiko proiektua aipatuko nuke. Arrisku handiko gunea da eta Adif bera ere kontziente da, bere lehentasunen artean sartu baitu. Segurtasuna bermatzeko trenbide azpitik pasabide bat egitea zen gure lehenengo aukera, baina esan ziguten Oria ibaiaren mailara jaitsita, tunelean hezetasun arazoak sortuko liratekeela. Adif-ek pasabide baten alde egiten du, herri sarreran dagoen zubiari pega-pega eginda. Proiektua bidali ziguten eta arduradunak hona etorri ziren azalpenak ematera. Argi geneukan partida hau bizilagunekin batera jokatu behar genuela eta pozik gaude alde horretatik. Agian ez dugu nahi bezainbeste eragitea lortu baina bizilagunek egindako kexek erantzuna izan dutela ikusi dugu. Pasabide horrek izan dezakeen inpaktua gutxitzeko neurriak hartuko dituztela esan ziguten, ikuspegi bisual eta akustikotik. Ikusiko dugu. Behin betiko proiektua noiz jasoko zain gaude eta ez dakigu esaten zein epetan gauzatuko diren obrak, baina proiektua aurrera doa.

Kontentu zaudete herri sarreran trafikoa ordenatzeko egin diren lanekin?

Bai. Hasiera batean udaletik bidegurutze horretan biribilgune bat behar zuela ikusten zen. Aldundiaren errepidea da, ordea, eta haiek ez zuten ikusten egoki. Iritzi kontrajarriak izan arren, hango teknikoek hobetsi zuten bidegurutzea zela irtenbiderik egokiena. Lan dezente egin genuen ikusten genituen beharrak mahai gainean jartzeko. Konfiantza jarri genuen haiengan eta, gaur gaurkoz, ez dugu kexarik jaso, harrabotsik ez du sortu egin den esku-hartzea, beraz gustura gaude. 

Modesto-enea etxea erosi zuen udalak aurreko legealdi bukaeran. Pentsatu al duzue zer egin eraikin horrekin?

Gaur gaurkoz ez gara gai izan Modesto-enearekin ezer martxan jartzeko. Anoetako herriaren bilakaeran etxe horrek bete duen paperari balioa eman nahi diogula argi dugu. Horrekin gabiltza bueltaka. Zelaietako eremuan dago eta etxea botatzea dago jasota indarrean dagoen hirigintza planean. Plan hori aldatzen ari gara, Modesto-enea zutik mantendu eta sozialki bete duen tokia dokumentatu nahi genuke. Bi lan lerro horiei heldu nahi diegu.

Udaletxea berritu duzue kanpotik, zein helbururekin?

Indarrez eta konpromisoz hartu dugun gaia da energiarena. Udal eraikinen eta udal zerbitzuen gastu energetikoa murriztu nahi dugu eta ahal den gehiena herrian bertan sortu, berriztagarrien bidez. Udaletxeko eraberritze energetikoari lotutako proiektua ia amaitzen ari da. Instalazio fotovoltaikoak jarri genituen iaz kiroldegian eta aurten ikastolako teilatuan. Eredu izan nahi dugu herritarrak ere gaiarekin sentsibilizatu daitezen. Komunitate energetikoa sortzeko lehenengo urratsak eman ditugu.

Elikadura burujabetzari lotutako lanketa egina duzue.

Bai. Egia da Anoetan lehenengo sektorean indar ikaragarririk ez dugula baina saiatzen gara baserritarrekin bildu eta haien beharrak mahai gainean jartzen. Buruan badauzkagu hainbat ideia, baina oraingoz ez dugu asmatu euren produktuen zabalpenean herriko baserritarrei aterki bat ematen.

Eta merkataritzaren inguruan zein neurri hartu dituzue?

Bazirudien orain arte salbu geundela, baina gutxika-gutxika honaino ere iristen ari da joera orokorra. Domino efektua sumatzen dugu, denda baten itxierak aldamenekoarena baitakar. Dauzkagun kontsumo ereduak eta erosteko ohiturak daude oinarrian, geroz eta gehiago urruntzen ari gara bertakotik eta gertukotik. Zaila da ohitura horietan eragiten eta gure eskumenak ere urriak dira. Arduratuta gaude gaiarekin. 

Zaintzaren arloko diagnostikoa egingo duzue Anoetan?

Nahi baino gehiago kosta zaigu gai hau abiaraztea, konplexua dela iruditzen baitzaigu. Zaintzaz ari garenean zertaz ari garen zehaztu nahi dugu hasteko, horretan sakondu. Ez dadila izan lanketa hau tiraderan geratuko den txosten bat, benetan iritsi nahi dugu arazoaren muinera. Urrian zehar publiko egingo dugu eta herritarrei jakinaraziko diegu hasi garela diagnostikoa egiten. Galdetegi zabalduko dugu etxeetan zaintzaren inguruan duten pertzepzioa zein den jakiteko eta haien iritziak biltzeko. Hori izango da lehenengo oinarrizko kanpamendua lanketarako; gero etorriko dira beste pauso batzuk, bitartekoak jarri beharko ditugu, baliabideak eskaini eta lan lerro luzea izango da udal honetan.

Gazteekiko kezka berezia duzue. Herri hezitzailearen egitasmoan sartuta zaudete. Zein urrats eman dituzue orain arte?

Herri gaztea da Anoeta. Nahiz eta joera orokorra bestelakoa den, eusten diogu. Herri hezitzailea da Anoeta eta hezkuntza formaleko eragileekin, ikastolarekin nagusiki, eta hezkuntza ez formalekoekin aritzen gara lankidetzan. Adi gaude haur eta gazteei ematen zaien balioak nola lantzen diren. Saiatzen gara haientzat antolatzen diren ekimenak izan daitezela parte hartzaileak. Gai konplexua da. Gazteak kanpotik datozen eraginetatik blindatzea geroz eta zailagoa da. Ahal den neurrian hori guztia lantzen ari gara, nahiz eta jakin gure eskumenak mugatuak direla.

Udal txiki batetik bermatu daitezke nortasuna, kultura edota hizkuntza bezalako gaiak?

Ez da erraza baina ahalegina egin behar dugu. Gure aldetik, kulturartekotasuna eta euskara proiektua jarri dugu martxan ikastolarekin eta UEMArekin elkarlanean. Indarrak ondo lerrokatu behar ditugu kanpotik etorri diren herritar horiengana iristeko eta esplikatzeko zergatik jartzen dugun kultura eta euskara erdigunean, zergatik diren guretzat garrantzitsuak. Baliabideak behar dira horretarako eta guk, duela gutxi, Harrera Gida berritu dugu. Haien zipriztina jaso nahi dugu, haiekin batera aberastu, baina argi dugu ahalegina egingo dugula gurea haiena egin dezaten.

Agintaldiari geratzen zaizkion bi urteetarako zein asmo duzue?

Proiektuak asko dira eta gure indar guztiekin saiatuko gara hauek aurrera ateratzen herritarren laguntzaz. Egia da herritarrak bileretara deitzen ditugunean parte hartzea ez dela guk nahi genukeen bezain zabala eta ekarpena egiteko jartzen ditugun bitartekoak askotan ez direla ongi aprobetxatzen. Guk ordea, ez dugu etsiko. Erabat irekita gaude herritarren proposamenetara. Aurki herriko talde eta eragile guztiak elkartuko dituen webgune bat sortuko dugu Anoeta Bizia izena eramango duena. Hor jasoko dira herriko deialdi guztiak. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!