'Euskara eta kulturartekotasuna Anoetan' herritarrei aurkezteko bilera egingo dute

Ataria 2025eko irailaren 16a

Lasarbe kaleko erabilera anitzeko gelan egingo dute irailaren 17an 18:00etatik 19:30era. Proiektuaren bultzatzaileek herritar guztiei egin diete gonbita.

Anoetan euskalduntasunetik kulturartekotasuna eraikitzeko egitasmoa jarri zuten martxan iaz UEMAk, Anoetako ikastolak eta Anoetako Udalak. Urtebete baino gehiago daramate elkarrekin lanean eta, orain, proiektua herritar guztiei zabaldu nahi diete. Horretarako bilera ireki bat egingo dute irailaren 17an, asteazkena, 18:0etatik 19:30era, Lasarbe kaleko erabilera anitzeko gelan, liburutegi ondoan.

Euskara eta kulturartekotasuna Anoetan proiektuak bi helburu ditu: euskara komunikazio-hizkuntza izaten jarraitzea eta, aldi berean, jatorri atzerritarreko herrikideen ulermena erraztea eta haien parte hartzea sustatzea. Horretarako aldaketa batzuk egingo direla jakinarazi dute egitasmoaren bultzatzaileek: «Aldaketaren protagonistak herritarrak zarete. Proiektuaren oinarriak eta egingo diren aldaketak azaltzeko zein horien inguruan elkarrekin pentsatzeko eta hitz egiteko Anoetan egingo den saiora gonbidatu nahi zaituztegu».

Herritar guztiak azaltzea «funtsezkoa» dela esan dute bultzatzaileek, «erabakiak hartu eta aurrera jarraitu ahal izateko». Zaintza eta itzulpen zerbitzua egongo da bileran .

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!