Anoetako jaiak 2025

Tortillak prestatuz, giro ederrean

Ataria 2025eko ekainaren 20a

Patata tortillak prestatu dituzte goizean, eta horiek janez egin dute ondoren otordua. 23 talde aritu dira kozinatzen, elizaren arkupeetan.

Korputs egun handiaren biharamunean, festarako gogoz jarraitzen dute anoetarrek. Goizean, gaztetxoek nahiz helduek euren sukaldaritzarako dohainak erakutsi behar izan dituzte. Izan ere, patata tortillak egiten aritu dira, eta ondoren horiek janez egin dute otordua.

23 talde bildu dira elizaren arkupeetan. Horietatik hiru DBHtik gorako gazteez osatuak ziren, eta gainerakoak gaztetxoagoez osatuak zirenez, heldu batek lagunduta osatu dute taldea. Hain justu, 4 urtetik 15 urtera bitarteko 3-4 haur eta heldu batek osatutako taldeak aritu dira tortillak prestatzen.

Taldeek etxetik eraman dituzte osagaiak eta udalak kozinatu ahal izateko materiala jarri du. Ekimenaren helburua gaztetxoak sukaldaritzan barneratzearekin batera, lagunarteko giroa sortzea dela kontatu dute antolatzaileek. Hain justu, horregatik, ez dutela lehiaketa moduan egiten esan dute.

Arratsaldean jai giroak jarraituko du, eta ekitaldiak igandera arte luzatuko dira:

  • Ekainak 20, ostirala
    • 11:00: Zatoz patata tortillak egitera plazara! Amaitzean, patata tortillak dastatuko dira partaide guztien artean.
    • 17:00: Haur ikuskizuna plazan: “Mugitu zaitez!”, Txulalai konpainia.
    • 19:00: Buruhandi eta erraldoien kalejira, herriko txistulari taldearekin.
    • 23:30: Sukena eta Odei Barroso musika taldeak plazan. 

 

  • Ekainak 21, larunbata
    Gazteen eguna
    • 10:00: XXVI. Esku Pilota Herri Txapelketa, haurrak, finalak, Kuku Pilota Elkarteak antolaturik.
    • 13:00: Buruhandi eta erraldoien kalejira, herriko txistulari taldearekin.
    • 16:00: Herriko mus txapelketa Alkartasuna tabernan, Ateaga Elkarteak antolatuta. Bikotekide batek gutxienez Anoetan bizi (edo bizi izana) behar du. Izen-ematea doan, 15:30ean bertan.
    • 18:00: Gazteen kalejira.
    • 19:00: Sagardo dastatzea,
      Kuku Elkarteak antolaturik. 
    • 21:00: Herri afaria frontoian. Izen-ematea: ekainaren 10era arte udaletxean edo liburutegian. Kuadrilla bakoitzak bere platerak, mahai tresnak, edalontziak eta eskuzapiak eramango ditu.
      Zero Zabor filosofiari jarraituz, saiatu mesedez paperezko edo plastikozko materialak saihesten. 
    • 23:00: Gazteen dantza plazan.
      Ondoren, zezen suzkoa.
      Gero, Muxutruk erromeria taldea plazan.

 

  • Ekainak 22, igandea
    • 11:00: Herri kirol parke tematikoa haurrentzat plazan, Kulki taldearekin.
    • 12:00: XXXII. Pala Txapelketako finalak frontoian, Kuku Pilota Elkarteak antolaturik.
    • 13:00: Buruhandi eta erraldoien kalejira, herriko txistulari taldearekin.
    • 18:00: Leinu zirko ikuskizuna plazan, Berdinki konpainia.
    • Ondoren, Kalakan taldea plazan.
    • 21:00: Kukuaren igoera kanpandorrera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!