Anoetako jaiak 2025

Kukuak iragarri du festen bigarren txanpa

Ataria 2025eko ekainaren 18a

Anitz dantza taldeak bota du aurten festen hasierako pregoia; bihar Korputs eguna da, umeen eguna eta mozorrotzeko eguna izango dute anoetarrek.

Anoetako herriak festen bigarren txanpari ekin dio gaur arratsaldean, udaletxeko balkoitik botatako suziriarekin. Aurten, Anitz dantza taldeko kideek egin dute pregoia. Ohiturari jarraituz, anoetarren ikur den kukuak elizako kanpandorretik udaletxera bitarteko bidea egin du, plazan bildutako eta tanborradan parte hartzen aritu diren umeen begiradapean.

Hasierako momentuaren ondoren, herriko eragileek antolatutako brindisa izan da eta, segidan, Kuku elkarteak antolatutako sardina jatea. Gaurko eguna, Iratzar erromeria taldearekin amaituko dute.

Bihar da festetako egun handia Anoetan. Umeentzako ekitaldiak izango dira goiz partean eta, gauean, eragileek antolatutako herri mugimenduaren afaria eta mozorro gaua izango dituzte.

  • Ekainak 19 OSTEGUNA
      • Korputs Eguna, ume eta mozorro eguna
    • 10:30-13:30. Haur parkea eta apar festa, plazan. 
    • 17:00. Haur ikuskizuna plazan: Garbijai!.
    • 19:00. Anoetako buruhandi-erraldoien eta Irurako erraldoien kalejira Anoetako txistulari taldearekin. Ekarri zure buruarinak ere!
    • 21.00. Saiheski jatea plazan, Anoetako eragileek antolaturik.
    • 23:00. Alarma Morea eta Modus Operandi musika taldeak plazan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!