Anoetako jaiak 2025

Indarkeria matxistaria aurre egiteko protokoloa prest dute

Ataria 2025eko ekainaren 17a

Eraso matxistak saihesten laguntzea eta erasoei erantzutea guztion ardura dela gogoratu du Adi eta So! mahaiak.

Aurtengo festetarako Adi eta So! mahaiak prest du, berriro ere, indarkeria matxistaren aurkako protokoloa. Dagoeneko aurreko asteburuan kartelak jarri dituzte txosnagunean eta baita herriko tabernetan ere. Gainera, mahaiko partaideek tabernariekin hitz egin dute erasoren bat gertatuz gero nola jokatu jakinarazteko.

Hainbat eragilek hartzen dute parte mahai horretan eta whatsapp talde baten bitartez koordinatuko dira festek irauten duten bitartean. Erasoren bat izan dela jakingo balute, hurrengo egunean, 19:00etatik 20:00etara jai egitaraua bertan behera utzi eta elkarretaratze bat antolatuko lukete.

«Argi utzi nahi dugu guztion ardura dela erasoak saihesten laguntzea eta erasoei erantzutea. Ez izan konplize», adierazi dute Adi eta So! mahaiko kideek. Horrekin batera, eraso matxistaren bat ikusiz gero pauso hauek jarraitzeko eskatu dute: erasoa jaso duenari laguntza eskaini; leku lasai eta seguru batera joateko aukera eman; konfiantzazko norbaiti deitzeko aukera eskaini; ez utzi bakarrik, hala nahi ez badu; ez behartu gertatutakoa kontatzera; ez epaitu erasoa jaso duena; erasotzailea identifikatu eta gunetik kanporatu.

Anoetako jaiek irauten duten bitartean, 24 ordutan, erasoren bat gertatuz gero bertan salatzeko martxan izango da 688 612 100 telefono zenbakia.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!