Intza Egiguren, Realean 2029 arte

Ataria 2025eko ekainaren 12a

Realak etxeko talentuaren aldeko apustua egiten jarraitzen duela adieraziz, Intza Egigurenekin akordioa lortu du 2029 denboraldira arteko kontratua berritzeko eta lehen taldean aritzeko.

14. zenbakiko elastikoa eramango du etapa berri honetan futbolari anoetarrak. Emakumezkoen futbol eliteko arduradun Maider Castillo eta emakumezkoen futbolaren arduradun Garbiñe Etxeberriarekin batera, Intzak Klubarekin lotura berria sinatu du Reale Arenako estadioan.

Anoetako jokalari gaztea harrobiko ibilbidearen eredu dela azaldu du Realak. Intza izan da lehen jokalaria hiru emakumezkoen taldetatik igaro ondoren lehen taldean debuta egin duena: hirugarren taldean hasi zen, bigarrenera igo eta orain lehen taldean aritzeko aukera izango du. «Bere konpromisoa, lana eta etorkizun oparoa erakusten dituen ibilbidea da honako hau», azaldu dute klubetik. «Nortasuna, grina eta talentuarekin, Intza Egiguren etorkizun handiko jokalaria da Realarentzat. Etengabeko hazkundea izan du eta merezimenduz iritsi da eliteko taldera. Orain, bere balioa lehen mailan erakusten jarraitzeko prest dago».

Intza Egigurenek azaldu duenez, «askotan amesten duzun gauza bat da, txikitatik Realekoa izanik, are gehiago. Niretzat ohore bat da Realeko lehen taldeko parte izatea. Oso gustura nago, eta denboraldiaurreari begira dagoeneko».

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!