Anoetako jaiak 2025

Anoetako jaiei auzolanean ekarpena egin diete eragileek

Ataria 2025eko ekainaren 11

Bi txosna jarriko dituzte aurten eta festa batzordeak osatutako jai egitaraua osatzeko ekitaldiak egingo dituzte. Ostiralean jaiak hasterakoan zabalduko dute txosnagunea

Asteon hasi dira Anoetako eragileak festetarako plaza ingurua atontzen. Bi txosna jarriko dituzte aurten: bat plaza handian; eta bestea, berriz, aldameneko estalpean. Gune horretan eskainiko dituzte musika emanaldiak ekainaren 18tik 21era arte, baina txosnagunea, hala ere, festak hastearekin batera, zabalik izango da etzitik aurrera.

Gune bat prestatzeaz harago doa Anoetako jaiei herriko eragileek egiten dieten ekarpena. Jai batzordeak antolatzen duen egitaraua osatzea da helburua alde batetik baina, horrekin batera, balio batzuen bueltako festa eredua ere bultzatu nahi dute. «Ezin dugu ziurtatu auzolanean oinarritutako jai euskaldun, ekologista edo feministak izango direnik, bertaratzen den jendearen araberakoa izango da hori, baina eragileok balio horiek bultzatuko ditugu bai festa gunean eta baita guk antolatutako egitarauan ere».

Erasoak dira onartuko ez dituztenak, ez arrazistak, ez homofoboak, ezta matxistak ere. Anoetako eragileek Adi eta So eraso matxisten aurkako behatokiaren sorreran parte hartu zuten 2021ean eta aurtengo festetarako ere aktibatuko dute mahaia. «Protokoloa martxan egongo da aurtengo jaietan ere eta kartelak jarriko ditugu txosnagunean eraso bat ikusiz gero nola jokatu azalduz. Udala tabernariekin bildu da eta telefono bat 24 ordutan martxan egongo da edozein eraso salatzeko».

Auto-antolakuntza

Azkeneko urteetan gizarte mugimenduetan sumatzen den ajea nabari dute Anoetako eragileek ere, eta aldez aurretik egin beharreko lanetarako jende falta dagoela esan dute. Urte hasieratik jaiei begira sei-zazpi lagun aritzen dira eta haiei erreleboa hartuko dieten belaunaldi gazteagoak nahiko lituzkete aldamenean. 

Dena den, herrian auzolanerako tradizio handia dagoela nabarmendu dute eta festek irauten duten bitartean lanerako 200 pertsona inguruk izena eman dutela azpimarratu dute. «Izan bazkari edo afariak prestatzeko, mahaiak zerbitzatzeko, txosnetan txanda egiteko, garbiketarako... jende asko inplikatzen da».

Antolaketa mailaren berri ematen du, adibidez, ekainaren 19an, ostegunean, plazan egingo duten herri mugimenduaren aldeko afariak. Dagoeneko txartel guztiak salduta dauzkate eta 450 lagun baino gehiago bilduko dira bertan. «Hitzordu kuttuna da anoetarrentzat eta jende asko gerturatzen da».

Ekainaren 21ean eragileek antolatzen duten Gazteen Eguna da beste ekitaldi jendetsuenetako bat. Aurten ehun gaztek baino gehiagok eman dute izena zerrendetan. Egun horretan, 18:00etan kalejira egin eta, gauean, gazteek 23:30ean egingo dute plazan dantza.

Horrekin batera, musika eskaintza «ezberdina» egiten saiatu direla esan dute eragileek. Ekainaren 18an herriko DJak ariko dira, DJ Enchantix ekainaren 19an, Little Martin Selektah eta Euzkolabel ekainaren 20an eta Rodeo musika taldea ekainaren 21ean. «Festa batzordeak ekarriko dituen taldeekiko ezberdina den eskaintza egiten saiatu gara aurtengoan ere». Herritarrak gerturatzera gonbidatu dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!