Ohorezko mailan jokatu ahalko du Anoetak

Ataria 2025eko ekainaren 2a

Igoera fasea irabazi du jubenil mailako taldeak. Mailaz igo edo mantendu nahi duten erabaki beharko dute.

Anoeta FT areto futboleko gazte mailako taldeak ohorezko mailan jokatzeko txartela lortu du. Igande goizean hiru talderen arteko norgehiagokak jokatu zituzten Anoetako Abraham Olano kiroldegian, eta jokatutako bi partidak irabazita lortu zuten anoetarrek mailaz igotzeko txartela.

Jubenil mailan jokatzen duen Anoeta FT areto futbol taldea Gipuzkoako txapeldun izan da aurten. Bizkaiko txapeldun izan da Santutxu eta Arabako txapeldun Corazonistas de Vitoria taldea. Bada, hiru irabazleen artean izan da mailaz igotzeko lehia. 

Lehen partida Anoeta eta Corazonistas de Vitoria taldeen artekoa izan zen, eta anoetarrek 5-1 irabazi zuten. Bigarren partida, Santutxu eta lehen partidako galtzailearen artean, hau da, Corazonistas taldearen artean izan zen. Santutxuk irabazi zuten norgehiagoka 2-1eko emaitzarekin. Hirugarren eta azken partida, Anoeta eta Santutxuren artekoa izan zen. Kasu honetan ere anoetarrak bikain aritu ziren, 3-1 irabaziz. Partida oso lehiatua izan zela nabarmendu du Jose Manuel Caballero Anoetako taldearen entrenatzaileak, animatzera bertaratu ziren zaleak eskertuz.

Igoera fasea irabazita, Anoeta FT areto futbol taldeak ohorezko mailan jokatzeko aukera izango du hurrengo denboraldian. Dena den, entrenatzaileak ez du argi zer egingo duten hurrengo denboraldian. «Gurea bezalako talde txiki batentzat lortu duguna oso garrantzitsua da, eta oso pozik egoteko modukoa da; baina, guk ia ez dugu babes ekonomikorik, eta mailaz igotzen bagara, diru gehiago beharko dugu, besteak beste partidetara joateko». Hori bai, orain arteko mailan mantentzeko aukera ere hor dagoela nabarmendu du Caballerok. «Guk igoera lortu dugu, eta orain taldeak erabaki beharko du, zer den gehiago komeni zaiona».

Entrenatzaileak taldearen izaera azpimarratu du: «talde txikia gara, sei anoetarrez, bi irurarrez eta hernialdetar batez osatua. Guztiek Anoetan ikasi dute eta lagunak dira. Niretzat garrantzitsua da herrikoek herrian bertan jokatzea, izan ere, adin batera iristean beste talde batzuetara joan ohi dira jokatzera».

Igoera fasea herenegun jokatu zen hiru taldeen artean Anoetako kiroldegian, eta goiza alaitzeko, besteak beste, musika eta jolasak izan zituzten. Entrenatzaileak festa antolatzeko gurasoen aldetik izan duten laguntza eskertu du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!