Elkarretaratzea amaitu ondoren irakurritako idatzian gogora ekarri dutenez, «beste behin, dagoeneko laugarrena urtea hasi zenetik, Emakumeon* Mundu Martxako erailketa matxisten aurkako protokoloa aktibatu dugu. Izan ere, gaur maiatzaren 30ean, emakume bat eta bere alaba indarkeria matxistaren biktima izan dira: aitak alaba hil eta bere bikotekidea zauritu du bere buruaz beste egin aurretik Bilbon».
Euskal Herriko Mugimendu Feministatik «babes eta elkartasun osoa» adierazi diete senide, lagun eta gertukoei, eta ez daudela bakarrik gaineratu dute. «Nazkatuta, nekatuta eta haserre gaude, baina, prest gaude erantzuteko eta Euskal Herriko edozein txokotan gertatzen diren hilketa matxista guztiak salatzeko. Prest gaude erakundeei eraso matxista bat gertatzen den bakoitzean dagokien ardura har dezaten eta indarkeria matxistaren konplize den orori ardurak exijitzeko, gizonei bereziki».
Ez dela «hilketa isolatu bat» azaldu dute: «Ez da tragedia puntual bat, sistema oso batek ahalbidetzen duen indarkeria baizik. Oraingoan adin txikiko neska baten erailketaz ari gara eta honek bereziki larria bilakatzen du kasu hau. Zalantzarik ez dugu, biolentzia bikarioa ere indarkeria matxista da». Jendartearen «egitura patriarkala» agerian uzten duen gertakari bat gehiago dela esan dute: «Jakin badakigu, erailketa matxistak indarkeria matxistaren eta estruktura heteropatriarkalaren ondorio izugarri eta lazgarrienak direla. Baina, indarkeria matxista egiturazkoa da. Bizitzako esparru guztietan gertatzen da. Ez da eremu pertsonal edo pribatukoa, edo bi pertsonen artekoa, ezta 'gaixo' batzuen ekintza ere. Sistema patriarkalak emakumeak* eta sexu- genero disidenteak garen pertsonak menpeko mantentzeko moduetako bat baizik».
Eskaera bat ere plazaratu dute: «Emakumeok* emakume izateagatik erailtzen gaituzte eta errealitate gordin honi aurre egiteko urgentziazko mekanismoak behar ditugu hemen eta orain. Egungo instituzioen pasibotasun eta jendartearen konplizitatearen ondorioz, urtez urte, emakumeon aurkako erasoek ez dute etenik. Indarkeria matxistari aurre egiteko, lehen mailako arazo sozial eta politikotzat hartua izan dadin eskatzen dugu». Horrez gain, egungo «jarrera konplizeak» alboratzea eta «bizi garen jendarte antolaketa sexistari aurre egiteko benetako neurriak behingoz har daitezela» exijitu dute. «Gure bizitzak daude jokoan!».
Horrekin batera, autodefentsa feministarako deia egin dute: «Bizitzaren aldeko apustu erradikala egiten dugu eta badakigu antolakuntza eta autodefentsa izango direla gure tresna eraginkorrenak». Ez direla isilduko azaldu dute: «Erasorik ez erantzunik gabe! Feministok erantzuteko prest gaude! Lotsa eta beldurra aldez aldatzen hasi da, eta antolatzen eta saretzen jarraituko dugu, elkarrekin borrokan denak aske izan arte!».
Deialdia ere egin dute Euskal Herriko hainbat herri eta hiriburuetan egingo diren elkarretaratzeetan parte hartzeko. Hain justu, Tolosaldean hainbat mobilizazio egingo dira astelehenean, denak 19:00etan: Amasa-Villabona eta Zizurkil arteko oinezkoen zubian, Tolosako Trianguloa plazan eta Berastegin.
«Erailketa matxistarik ez! Denak aske izan arte, martxan jarraituko dugu! Gora borroka feminista!», esanez bukatu dute idatzia.