Bilboko erailketa salatzeko elkarretaratzeak eskualdean

Ataria 2025eko maiatzaren 30a

Anoetako plazan, gaur, 19:00etan egingo dute elkarretaratzea, Bilbon gizon batek bere 13 urteko alaba hil duela salatzeko. Itaiak deituta, berriz, Tolosako Euskal Herri plazan beste kontzentrazio bat egingo dute, gaur, 19:30ean.

43 urteko gizon batek 13 urteko alaba hil du eta, ondoren, bere buruaz beste egin du, Bilboko Udaltzaingoak zabaldutako informazioaren arabera. Goizaldean izan da, familiaren etxebizitzan, Larraskitu auzoan. Erailketa salatzeko elkarretaratzea egingo du Anoetako mugimendu feministak herriko plazan, gaur, 19:00etan. Itaiak, berriz, 19:30ean egingo du protesta ekitaldia, Tolosako Euskal Herri plazan.

Berri agentziek jakinarazi dutenez, adingabearen gurasoek eztabaida bortitza izan dute goizaldean, eta amak etxetik ihes egin du. Emakumeak Udaltzaingoari deitu dio, alabaren bizia arriskuan zegoela ikusita. Poliziak etxebizitzara sartu direnean, adingabearen hilotza aurkitu dute, maindire artean estalita, eta aita komunean, hark ere labana zauriak zituela. Ama Basurtuko ospitalera eraman dute, zaurituta.

Goizeko 04:50 aldera izan da. Ertzaintza ikertzen ari da indarkeria bikarioa ote den. 2003. urteaz geroztik hamahiru adingabe hil dituzte gizonezkoek Euskal Herrian, indarkeria bikarioaren testuinguruan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!