150 dantzari baino gehiagok hartuko du parte Anitz egunean

Ataria 2025ko mai. 29a, 19:00

Herriko plazan egingo dira emanaldiak, eguraldia lagun; dantzari txikiak 12:00etan jardungo dute, eta 12 urtetik gorakoen saioa 19:00etan izango da.

Larunbatean Anitz eguna ospatuko dute Anoetan. 150 dantzari baino gehiagok parte hartuko dute goiz eta arratsaldez luzatuko den egitarauaren barruan. Herriko plazan, 5 eta 11 urte bitarteko 80 dantzari arituko dira 12:00etan; eta arratsaldean, berriz, 12 urtetik gorako 77 dantzari bilduko dira. Eguraldi txarra balego, frontoira aldatuko dituzte saioak.

Urtean zehar ikasitako dantzak erakutsiko dituzte Anitz eguneko emanaldietan. Amaiur Luluaga irakasleak aipatu duenez, oro har, euskal dantzak dira goizean txikienek eskainiko dituztenak, eta euskal dantzetan oinarrituta, musika berriago batzuekin egindako koreografiak dira helduagoen esku joango direnak.

Ikasturte osoa daramate larunbateko eguna prestatzen. Tartean bestelako emanaldiak ere prestatzen dituztela esan du Luluagak; Anoetan eta beste herrietan egiten dituzten dantzari txiki egunetara joateko dantzak entseatzen dituzte txikienek eta, helduagoek, aldiz, beste hainbat dantza talderekin egiten dituzten elkartruke eta topaketetarako koreografiak prestatzen ematen dute ikasturtea. Mikelasagasti auditorioan eta herriko beste hainbat espazioetan egiten dituzten entseguak eta hamar bat lagunek osatutako taldea dabil irakasle lanetan.

«Dantzariek ilusio handiz hartzen dute Anitz eguna. Egunez eta herriko plazan egiten dituzte dantzak eta jendea hain gertu ikusteak zirrara sortzen die», aipatu du dantza irakasleak. Aurten, gainera, herriko festetako pregoia eta txupinazoa botatzeko ohorea izango du Anitz dantza taldeak eta ohore horrekin hunkituta daudela esan du Luluagak: «Dantzari txikiek oso barneratuta daukate talde baten parte izateko sentimendua, eta horregatik dagoeneko hasi zaigu festei begirako urduritasuna».

Anitz egunarekin amaituko dute ikasturtea dantzari txiki eta helduenek, baina taldeko gazteek beste emanaldi bat prestatuko dute, hain justu, herriko festetarako. Kuadrillen Egunaren bezperan, ekainaren 13an, saio bat eskainiko dute Anoetako dantzari gazteek Idiazabal eta Zaldibiakoekin batera. 19:00etan hasiko da saioa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!