Senidetu egin dira Anoetako Udala eta sahararren Echraifia herriak. Gaur arratsaldean egin dute ekitaldia eta harremana irudikatzeko ikurrina eta Mendebaldeko Saharako bandera batera haizatu dituzte. Horrez gain, harreman berria ospatu dute zuzeneko musikarekin eta jan-edan tradizionalekin. Tolosaldea Sahararekin elkarteak urtero antolatzen duen Maiatza Borrokan ekimenaren barruan egin dute ekitaldia.
Elixabete Eizagirre Tolosaldea Sahararekin elkarteko kideak aipatu du senidetzea elkartasunaren beste «urrats garrantzitsu» bat dela: «Urtez urte saharar herriari emandako babesari jarraipena ematen diogu, eta harremanak are gehiago estutzeko aukera izango dugu. Ekimen hauek ospatu nahiko ez bagenitu ere, benetan pozgarria da beste urrats bat emateko aukera izatea».
Ekitaldian hitza hartu du Anoetako Egoitz Luisa alkateak ere, eta adierazi du bi herriek elkar ezagutzeko eta elkarlanerako zubiak sendotzen dituela senidetzeak: «Pozgarria da gure herriak bere konpromiso internazionalista eta solidarioa berrestea. Echraifiarekin izenpetutako senidetze-akordioak herri mailako elkarlana sustatzeko aukera emango digu, eta etorkizunean kultur, hezkuntza eta giza garapenerako ekimenak elkarrekin lantzeko bidea ere zabalduko du».
Yaguta El Moukhtar Sahararren Euskadiko Ordezkaritzako kideak, berriz, nabarmendu du senidetze ez litzatekeela posible izango Tolosaldea Sahararekin elkartearen laguntzarik gabe, eta eskerrak ere eman dizkie: «Eskerrik beroenak Anoetako herriari eta Tolosaldea Sahararekin elkarteari. Euskal Herriko herritarren babesa funtsezkoa da gure borrokan. Gaur sinatutako akordio honek ez du soilik bi herriren arteko harremana formalizatzen; gure herriaren kausari ematen zaion babes irmoa eta etengabea berretsi ere egiten du».