Maiatzaren 7an tokikoa eta partekatua den energiari buruzko saioa egingo dute Anoetako udaletxeko pleno aretoan, 18:30etik aurrera. Saio hau udalerrian hausnarketa prozesu bati ekiteko eta tokiko energia-komunitate bat bultzatzeko hiru topaketetan lehena izango da. Hurrengoak, maiatzaren 19an eta ekainaren 9an egingo dituzte.
Hurrengo saioetan, energia komunitatearen oinarriak modu argi eta praktikoan azalduko dira, eta, aldi berean, argituko da Anoetan zer-nolako ekimenak garatu daitezkeen eta nor izan daitekeen parte hartzaile.
Anoetaren trantsizio energetikoa nola eraiki kolektiboki aztertzeko saioetan parte hartzera gonbidatu dute udaletik. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan antolatu dute ekimena, udalerrian tokiko energia, berriztagarria eta iraunkorra izan dadin.
Gaur egun, Gipuzkoan dagoeneko herritarren 60 energia-komunitate daude martxan 55 udalerritan, 10.000 familia baino gehiago biltzen dituztenak. Helburua da, 2027an lurraldeko udalerri guztiek gutxienez energia-komunitate bat funtzionamenduan izatea.
Gipuzkoako Foru Aldundiak eraldaketa horrekin konpromisoa adierazi du eta Energia Eraldaketarako Bulegoak eskainitako laguntza-zerbitzuaz gainera diru laguntza espezifikoak gaitu ditu instalazio fotovoltaikoak eta biltegiratze eta mugikortasun elektrikoko sistemak finantzatzeko. Aurten, 1,5 milioi euro baino gehiago bideratu ditu trantsizio energetikoa errazteko.