Gizarte Hezkuntzan gradua du Iñigo Etxezarreta Tocak (Donostia, 1995) eta gizonekin lanketak egiten aditua da. Pedagogia feministetan formatzaile aritu izan da, baita eragile ere LGTBI+ ikuspegitik, herri prozesu eta eraldaketetan. Anoetan tailerra gidatuko du, maiatzaren 10ean, 10:00etatik 13:30era balioanitzeko gelan. Doakoa izango da izen ematea.
Zergatik izango da tailerra gizonezkoentzat soilik?
Ez mistoa izango da, helburua baita subjektu horiek habitatzen duten boterearen inguruko hausnarketa egitea. Anoetakoa ez da izango hainbeste maskulinitateaz modu abstraktuan hausnartzeko espazio bat, gune bat baizik non botere hori materializatu eta aplikatzen duten gorputz horien —gizonezkoen gorputzen— gaineko erabakiak hartuko diren.
Nola antolatuko duzu Anoetan emango duzun tailerra?
Zati teoriko bat emango dut hitzaldi formatuan, oinarri bat emateko, eta gero, metodologia parte hartzaileagoa landuko dut. Ibilbide bat egingo dugu norberak bere bizitza identifikatu dezan, espazio intimo edo pribatuenari, eta baita publiko edo agerikoenari lotuta. Espazio intimo horretan kostatzen zaigu gehien pribilegioei uko egitea, ez baitigu inongo kapital sinbolikorik ematen; ez da ikusgarria. Espazio pribatuan posizionatzeak dakar harreman, botere eta indarkeriarekiko deslotura handiena.
Eta espazio publikoan?
Baita ere. Kontua da espazio publikoari dagozkion erabaki horiek ikusgarriagoak direla. Errazagoa da espazio publikoan erabaki feministak hartzea, testuinguru batzuetan behintzat, kapitala ematen diolako gizonezkoari.
Zenbateraino dira erabakigarriak gizonezkoek dituzten lotura horiek?
Gizonek indarkeria, botere eta harremanekiko duten loturak determinatzen du feminismoarekiko duten ardura eta baita indarkeria matxista desagerrarazteko duten erantzukizuna.
Zergatik kostatzen zaie hainbeste gizonezkoei deseraikitzea?
Kostatzearena tranpatia izan daiteke zeren desikasten ikastearen auzi honen bueltan badirudi desikastea zerbait abstraktua dela, ia modu magikoan ematen dena. Baina, egiatan, erabakiak dira eta erabaki oso sinpleak. Deslotzea da, norberaren bizitzari eta gizontasunari loturiko harreman, indarkeria eta botere posizio batzuekiko erabaki zehatzak hartzea. Gero, hori bai, ibilbidea zailagoa izan daiteke dakartzan ondorioengatik: botere inbertsioa, harremanak errebisatu edo haustea, beste erabaki batzuk ez hartzea...
Gizontasuna edo gizontasunak. Nola izendatu ?
Nik tailerrerako singularrean erabili dut, gizon kategorian azpimarra egiteko. Maskulinitateak hitza erabili izan da, segur aski, maskulinitatearen askotariko adierazpideak izendatzeko, non gorpuzte batzuk biolentoagoak izan daitezkeen besteak baino. Baina maskulinitate guztiek neurri batean edo bestean erabiltzen dute biolentzia, hortaz, gizon izateak berak, kategoriak, inplikatzen du indarkeria edo botere harreman batzuk ezartzea munduarekiko. Honenbestez, kategoria da problemizatu behar duguna indarkeriatik nola deslotu ulertzeko.
Nola jokatu dezakete gizonezkoek arduratsu feminismoarekiko?
Gizon aliatu, gizon ez-hegemoniko edo maskulinitate ez normatibo... termino horiek erabili izan dira pandemia aurretik. Baina ez da hainbeste gizonezkoek posizio edo identitate bat topatzea feminismoaren barruan, praktika zehatz batzuk aurrera eramatea baizik. Gizonek aldatu egin behar dute munduarekin sozializatzeko duten modua. Erabaki feministek aldatuko dute haien munduratzea.
Zein gonbidatuko zenuke tailerrera?
Uste dut edozeinentzat egokia dela, sozializatzeko hartzen dituzten erabakien inguruan hausnartzeko espazio bat izango dutelako gizonezkoek.