Joan den igandean Anoetako EH Bilduk Aberri Egunaren atarian ikurrina igoera herritarra antolatu zuen. Herri sarrerako ikurrina zaharkitua berriarengatik ordezkatu zuten eta ekitaldia girotzeko trikitilari, txalapartari, bertsolari, eta dantzariak aritu ziren. Ondoren, talde argazkia atera zuten ekitaldiari amaiera emanez.
Askatasunaren nazioa gara lelopean, Euskal Herri osoko herritar subiranista, independentista, abertzale eta ezkertiarren komunitatea bilduko da Aberri Eguna ospatzeko apirilaren 20an Iruñean. EH Bilduk antolatutako ekitaldia, ohi bezala, aldarrikapen eguna izango da, baina dibertimendurako eta festarako eguna ere.
Golem zinemetatik 12:00etan egingo den manifestazioarekin abiatuko da egitaraua. Aldarrikapen martxaren ondoren, aisialdirako unea iritsiko da, adin guztientzako eskaintzarekin. 13:15etik aurrera, eta Basotxotik abiatuta, trikitilari, gaitari eta erraldoiekin, Kuxkutu txarangarekin eta munduko dantzekin kaleko animazioa izango da. Era berean, Malatxo txaranga Jarauta kalera zuzenduko da gazteei gazte gunera laguntzeko. Gazteluko plaza izango da jaiaren epizentroa; 16:00etatik aurrera, izen handiko euskal taldeen kontzertuak izango dira bertan: Izaki Gardenak, Belako eta Trikidantz.
