Bi txandatan antolatu dituzte aurtengo udalekuak Anoetan

Ataria 2025eko martxoaren 31

Parte hartu nahi duten gaztetxoek, HH1etik LH6ra bitartekoek, apirilaren 14a baino lehen eman beharko dute izena, baita begirale bezala aritu nahi dutenek ere.

Anoetako Gazteria sailak udaleku irekiak antolatu ditu aurtengoan ere. Ekainaren 23tik uztailaren 4ra egingo da lehen txanda, eta uztailaren 7tik 18ra bigarrengoa. HHko lehenengo mailatik LHko seigarren mailara bitarteko umeek hartu ahal izango dute parte, 10:00etatik 13:00etara. Txanda bakoitzaren prezioa 60 eurokoa izango da eta hilabete osorako matrikulazioak 100 euro balioko ditu. Txikienen taldeek –HH 1-2-3– ez dute egun osoko irteerarik izango.

Parte hartu nahi dutenek udaletxeko 3. solairuan edo gazteria@anoeta.eus helbidean eman beharko dute izena apirilaren 7tik 14ra. Izena ematerakoan osasun txartelaren kopia aurkeztu beharko da. Familia ugariek, eta diru-sarrera baxuak justifikatzen dituztenek hobariak izango dituzte eta familia berek bi ume edo gehiago apuntatzen badira, bigarren umeak %15eko beherapena izango du matrikulazioan. Gurasoekin bilera egingo dute auditorian, ekainaren 16an, 17:30ean euskaraz, eta 18:00etan gaztelaniaz.

Anoetako udalekuetan begirale bezala aritu nahi dutenek izena emateko aukera izango dute apirilaren 7tik 14ra, gazteria@anoeta.eus helbidera idatzita.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!