ERREPORTAJEA

Haziak soberan, baina fruitu gutxi

Josu Artutxa Dorronsoro 2025ko urt. 31a, 07:59

Joxe Ramon Urkizu Anoetako Urkizu mintegian. A.I.

Joxe Ramon Urkizuk ia 40 urte daramatza familiako negozioan lanean, Anoetako Urkizu mintegian. Ofizioaren «zailtasunak eta gogortasuna» eta belaunaldi berrien «ilusio eta gogo falta» azpimarratu ditu.

Pasa den larunbatean, XXIX. Zuhaitz Azoka ospatu zen Tolosako Trianguloa plazan. Urtetik urtera kopuru txikiagoan bada ere, urteko garai honetan badira landare eta zuhaitzak erosi eta bere lursailetan jartzen dituzten herritarrak. Lehen, azoketan landareak saltzen aritzen zenetako bat da Joxe Ramon Urkizu billabonatarra. Gaur egun, Anoetako Elbarren bailaran dagoen Urkizu mintegian lan egiten du, eta ondoko baserrian bizi da. Txikitan, familiarekin joan zen bertara, aitak lanean hasi behar zuelako. Ezohikoa bada ere, kaletik baserrirako jauzia egin zuten urkizutarrek.

Baserrian bizitzeaz gain, mintegiaren ardura darama Urkizuk, bikotearekin eta anaiarekin batera. Familiako negozioari jarraipena ematen ari dira. Bizi osoa daramate lehen sektorean. Eskolako ikasketak amaitu eta zuhaitzak saltzen hasi ziren bi anaiak, 18 bat urterekin; Joxe Ramonek laster 40 egingo ditu lan horretan.

Gipuzkoan geratzen den mintegi bakarrenetakoa da Urkizu. Lau hektareatan milioi erdi landare dituzte. Koniferoak eta basoko landare autoktonoak saltzen dituzte. Azken horietan, produkziokoak —sekuoia eta kriptomeria— eta kontserbaziokoak —bertako haritza, pagoa, lizarra eta haritz amerikarra— sailkatzen dira. Kanpotik ekarritako zenbait landare ere saltzen dituzte. Lehen, fruitu arbolak ere izaten zituzten. «Duela 7-8 urtera arte, asko landatu eta saltzen genituen, baina horiek utzi eta baso-zuhaitzekin jardutea erabaki genuen», azaldu du billabonatarrak.

Urkizuren iritziz, «ikusi eta jardun gabe ulertzeko zaila den ofizioa» da berea. «Hazia bildu edo erosi egiten dugu, eta ondoren, ezer ez dagoen tokian, urtebete edo bi urteko epean, landarea sortzen dugu, salgai jartzeko. Ondo zaindu behar da eta jarraipen bat egin behar zaio, belar moztea edota tratamenduak direla-eta».

Askotan, baina, prozesua «etxetik» hasten dela gogoratu du billabonatarrak. «Ez da sorora joan, lurra altxa eta haziak landatzea. Batzuetan, etxean landatu behar izaten dira haziak, eta ondoren, lursail batera eraman, eta lekuz aldatu ere bai. Gainera, espezie bakoitzak bere lur klasea behar du; mendiko espezie batek ez du soroa nahi izaten».

Oso bestelako bi sasoi

Urteko sasoiaren arabera oso bestelako lanak izaten dituztela adierazi du mintegiko arduradunak. Maiatzetik urria amaitu bitarteko sasoia lasaiagoa izaten da. «Urte guztian zehar izaten dugu lana, baina epe honetan, ez gara telefonoaren menpe egoten. Nahi bezala antolatzeko aukera izaten dugu».

Udan ez dute izaten egunean bertan egin beharreko lanik, eta jai egunak maizago izaten dituzte. Hori bai, belarra landarea itotzen ari dela ikusiz gero, hori kentzera joan behar izaten dute. «Hamar egunetatik zortzitan belar artean aritzen gara lanean, eskuz, makinak sartzeko landareak txikiegiak direlako. Ezin zaio belarrari hazten utzi; bestela, landarea estaliko luke. Etengabe egon behar dugu gainean. Bi hektarea eta erdiko soro batean, izkina batean belarra kentzen hasten garenean, beste aldera iristerako, berriro lehengo lekutik hasi behar izaten dugu. Etengabeko ziklo bat izaten da. Horri tratamenduak gehitu behar zaizkio, gaitzen bat edo tartean bada».

Joxe Ramon Urkizu: «Erosleen egutegira moldatu behar izaten dugu, landarea atera berria nahi izaten dutelako, freskoa»

 

Azarotik martxora bitarteko epea «oso bestelakoa» izaten dela esan du. «Astelehenetik igandera aritzen gara lanean, eta telefono deien menpe bizi gara; eskariak prestatu beste lanik ez dugu izaten. Erosleen egutegira moldatu behar izaten dugu, landarea atera berria nahi izaten dutelako, freskoa. Elurra egiten duenean, ordea, izutu egiten dira, eta eskaerek behera egiten dute. Etengabeko borroka da. Ondorioz, nagitasuna eragiten duen ofizioa da gurea. Lanari aurre hartuz gero, ondo bizi daiteke, baina lanak aurre hartuz gero, beti atzetik, beti ezinean».

Baserritarrekin harremana galduta

Urkizutarrak dagoeneko ez dira azoketara joaten, eta mintegia da salmenta puntu bakarra. Bezero nagusienak mendiko lursailen jabeak direla erantzun du; «tartean daude erakundeak», gaineratu du. Azaldu duenez, azken hamarkadetan, aldaketa nabarmen bat gertatu da jabetza pribatuetan: «Lehen baserritarrek egiten zituzten landaketak; orain, gehienetan, basoko langileei ematen zaie ardura hori, eta beraz, gaur egun, baserritarrak baino horiek izaten dira zuzenean gure bezeroak. Dagoeneko baserritarrekin genuen harremana ere galdu dugu, orain langileekin izaten dugulako». Gaur egun, Gipuzkoaren basoaren %80a jabetza pribatukoa da.

Arduradunaren hitzetan, asko aldatu dira erosleen ohiturak. «Garai batean, insignis pinua eta haritza ziren hemen gehien saltzen ziren zuhaitzak. Urteek aurrera egin ahala, garai berriak heldu dira, naturak eboluzionatu egin du, eta gaitz bat ere sortu da». Hain justu, insignis pinuaren banda marroia gaitzak eragin handia izan du. «Une honetan, bi ikuspuntu daude. Batzuek, kontserbazio aldetik, bertako haritza eta pagoa aldatzen dute; ez diote errendimenduari horrenbeste begiratzen, eta epe luzera begira izaten dituzte irabaziak. Bestetik, errendimendua epe motzera begira, 40-50 urtera, lortu nahi dutenak daude».

Gaur egun, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan saltzen dituzte landareak. «Hiru lurralde desberdin dira, eta hiru kultura eta ikuspuntu desberdin dituzte. Izan ere, araudiak ere desberdinak dira bakoitzean», adierazi du arduradunak. Salmentari dagokionez, Bizkaian itsas pinua nagusitzen ari dela esan du. «Teknikariek egindako apustua da, nahiz eta guri egokia ez iruditu. Gipuzkoan, koniferoak dira nagusi; sekuoia eta gero kriptomeria. Nafarroan, berriz, barietate handiagoa dago».

Anoetako mintegiko arduradunak esan du zuhaitz eta landare salmenta «gainbeheran» dagoela. Hala ere, «urte oso onak» izan dituztela, eta duela gutxi «puntan» zeudela aitortu du. «Duela zortzi bat urte heldu zen banda marroiaren gaitzak arazo ugari eragin zituen, eta aldaketa etorri zen. Insignis pinua landatzetik sekuoia eta japoniar zedroa landatzera igaro ginen. Hori bai, biekin asmatu genuen; japoniar zedroa landatu zuen lehen mintegietako bat izan ginen. Landare asko produzitu genuen garai hartan. Gaur egun, ez dugu produzitzeko arazorik, baina oztopo nagusiena da kanpoko landareak produzitzen direla. Hori da une honetan gure konpetentzia».

Ikasteko eskolarik ez

Urkizuk nabarmendu du aldaketa hura «apustu handia» izan zela. «Orduan, barietate berriak azaldu ziren, alternatiba gisa. Gaur egun ere badaude beste batzuk, eta apustu bat egin nahi dutenek horretara jo beharko dute». Barietate berri batekin apustua egitean, «ikasi» egin behar dela esan du, barietate guztiak «desberdinak» direlako.

Lehen urteetan, landare eta zuhaitzekin «proba asko» egiten zituztela gogoratu du billabonatarrak. «Insignis pinuaren kasuan, maiatzean botatzen genuen hazia, eta 5-6 hilabetera hasten ginen zuhaitza saltzen, abendu aldera». Gaur egun, haziak jarri eta urtebetera saltzen dituzte zuhaitzak, baina arduradunak esan du ondorioak ez dituztela lehen urtean lortzen. «Jaiotzeko moduak desberdinak dira zuhaitz guztietan. Sekuoiaren hazia lurrera botaz gero, ez da jaiotzen; gainera, garestia da. Urte batean, 3.000 euroko kostua zuen sekuoia kiloa lurrera bota genuen, eta hurrengo urtean, beste kilo bat beste modu batera probatu genuen. Lan hauek egiten ikasteko ez dago eskolarik; esperientziatik ikasten da, akatsak egiten eta horiek zuzentzen».

Lurraren koloreko eskuak

Gizartea jakitun da baserriko bizimodua daramatenak gero eta gutxiago direla. «Gu aitarekin hasi ginen, eta nirekin amaituko dugu. Azken belaunaldia izango gara; ez dago ondorengorik. Arazoa ez da lursail falta, horiek badaudelako. Ilusioa eta gogoa falta direla esango nuke. Une honetan ez dut argi ikusten nire haurrek jarraitzea nahi ote dudan. Duela lauzpabost urte galdetuz gero, baietz esango nizuke», azaldu du Urkizuk. Penarik sentitzen duen galdetuta honakoa erantzun du: «Jendearen bizimodua ikusita eta gu nola bizi garen ikusita, ez. Bizia aurrera ateratzeko beste modu bat izango bagenu, akaso, bai».

Galera horren arrazoi nagusietako bat nekazarien lanaren gogortasuna dela argudiatu du. «Ordu asko eskatzen ditu; ez dago ordutegi finkorik, ez dira zortzi orduko jardunaldiak izaten, eta zenbaitetan, asteburuz aritu behar dugu lanean. Gainera, baldintza meteorologikoek eragina dute. Egungo gizartean hori ez dago ondo ikusita eta gazteentzat ez da batere erakargarria». Urkizuren ofizioak duen kargaz jabetzeko, bere eskuak ikusi besterik ez dago. «Gerria ere bai», gaineratu du berak.

 

Joxe Ramon Urkizu: «Ondo bizitzeko ematen al duen? Salduz gero, bai. Arazoa salmentan dago»

Bestetik, prekarietatea dago. «Ondo bizitzeko ematen al duen? Salduz gero, bai. Arazoa salmentan dago. Ni orain hemendik bi urtera zer salduko dudan aurreikusten ari naiz. Ezin dut jakin zer pasako den bi urte hauetan, ezta nolako aldaketak egongo diren ere. Nik egindako apustua ondo ateratzen bada, ondo bizi naiteke, baina gaizki ateratzen bada, oso gaizki».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!